Jose Antonio Gisasola
Gaztaroan, karlistadak harrapatu zuen Eibarren. Sasoi hartan ohikoa zenez, gerrara ez joateko, Ameriketara bidea hartu zuen, Santanderreko portutik.
Argentinan zegoela, morroi hasi zen lanean. Geroago Martin Alzaga euskaldunaren agindupean jardun zuen.
Beste atzerriratutako emakume euskaldun batekin ezkondu zen, Catalina Vigné, Iparraldekoa. Ez zuen seme-alabarik izan baina Esteban bere anaiaren alaba, Margarita, hartu zuen alabakotzat. Esteban Guisasola Josefa Ibarlucearekin zegoen ezkonduta eta Eibarren bizi zen.
Jose Antonio Gisasolak nekazaritzan eta abeltzaintzan jardunda egin zuen bere dirutza. Seme-alabarik izan ez zuenez, ondasunak banatu egin zituen. Bera bizi zen herrian zituen lur guztiak eman zituen azpiegiturak hobetzeko. Garai hartan trenak garrantzia handia zuen garapenerako. Gaur egun, El Perdido herriko tren geltokiak eibartarraren izena darama.
Eibar ere bihotzean zegoen nahiz eta Argentinan eman bere bizitzaren gehiena. Aginagan eskola bat eraikitzeko dirua eman zuen; Isasiko fraideen eskola eraikitzea erabaki zutenean , berak eman zizkien terrenoak eta behar zen diruaren zati handi bat ere. Eskolak bere izena hartu zuen.
Ameriketako Euskal Etxe askoren eta hango euskal kultura taldeen sorreran ere asko lagundu zuen.
Dokumentuaren akzioak