Eibarko Itun Federala 1869-2019: 150 urte San Juan bezperan
Argazkia: JE-JE(A). José Cruz Echeverria Leturiondo (1833-1909) sinatzaileetako bat. Argazkia: Etxeberria familiaren bilduma.
Francesc Pi i Margall katalana izan zen garai hartan egin ziren tankera horretako itunen sustatzaile nagusia, eta aurretik, Tortosan, Kordoban eta Valladoliden egin bezala, Eibar hautatu zuten egitasmo federala bultzatzeko lekutzat, 1868ko iraultzaren eta 1869ko Konstituzioaren testua sorrarazi zuen eztabaidaren giroan sortutako ituna (PDF) sinatzeko herritzat.
Errepublikazaleek, sei urteko aro demokratikoaren ondotik, I. Errepublika ezagutu zuten, 1873-74ko aldian, ozta-ozta urtebete iraungo duena, baina beren itxaropen guztiak 1874an amaitu ziren, Canovas del Castillo politikariak borboiak berrezarri eta Alfontso XII.a tronura eraman zuenean.
Eibarko Itunean (ikus 1869ko testu osoa PDF formatuan) hiru euskal probintzietako eta Nafarroako ordezkariek hartu zuten parte, eta bertan izan ziren, besteak beste, Ricardo Becerro de Bengoa arabarra, Cosme Echevarrieta bizkaitarra eta beste hogeiren bat lagun. Sinatzaileen artean hiru eibartar zeuden: Vicente Aguirre, Inocencio Ortiz de Zarate eta Jose Cruz Echeverría, azken biak handik urte batzuetara Eibarko alkate izango zirenak.
150. urteurrena gogora ekartzeko ekitaldiak
Itun Federalaren 150. urteurrena gogora ekartzeko, ekainaren 21ean eta 22an hainbat ekitaldi izango dira eta Aragoi, Katalunia, Valentzia, Gaztela, Galizia eta Nafarroako federaziozaleak izango dira herrian, iraganaz eta etorkizunaz hitz egiteko.
Ekainaren 21ean, Albert Solé Bruset zine-zuzendariaren ‘Federal’ dokumentala ikusteko aukera izango da, eta, ondoren solasaldia izango da Portalean, Eibarko Kultura Etxean.
Hurrengo egunean, zapatuan, goizeko 11etan, mahaingurua izango da udaletxean federalismoaren iraganari eta etorkizunari buruz. Hizlariak Alberto López Basaguren, Antonio Rivera eta Zulima Pérez i Segui izango dira.
Eguerdian, 13:30ean, Antxon Narbaiza Azkueren komunikazioa, “Eibartarren portaera errepublikanoak: Vicente Aguirre, Echeverria, Ortiz de Zarate, Ibarzabal eta beste hainbat” deritzona; eta, azkenik, ordu 2etan, 1869ko Itun Federalista oroitzeko ekitaldi instituzionala.
Amaieran, etorritakoek 2019ko Eibarko Deklarazio Federalista irakurriko dute, lau hizkuntza koofizialetan.
Dokumentuaren akzioak