Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Museoan dago ikusgai Untzagako etxe-dorreko fatxada nagusiaren balkoia apaintzen zuen arkabuzaria

2024/01/05
Udaleko Ego Ibarra Batzordeak 2022an zaharberritu zuen pieza.

Arkabuzaria Museoan. Argazkia: Eibarko Museoa

Ultsaga edo Orbeatarren jauregi errenazentista zaharraren erliebe altu baten zatia zaharberritzeko erabakia hartu zen 2022an, hain zuzen ere, estilo platereskoko fatxadaren erdialdean zegoen balkoi nagusiaren eskuinaldeko arkabuzariaren tortsoa eta aurpegia, alegia. Ignacio Zuloagaren koadrorik famatuenetako batean edo Indalezio Ojangurenen hainbat argazkitan ikus daiteke fatxada hori, eta, jakina, baita arkabuzaria  bera ere. Orbeatarren jauregia edo Dorre Zaharra XV. mendearen amaiera aldean eraiki zen eta 1902. urtean bota.

Arkabuzariaren zati hori Estaziño kalean 1905ean eraikitako zalditegi zaharraren harrizko sarrerako atea egiteko erabili zen. Atea 2014. urtean eraitsi zen eta elementu hura, dohaintza bidez, Udalaren eskuetan utzi zuten, ate-zangoak eta ateburua osatzen zituzten beste harri batzuekin batera. Neurri hauek ditu: 59 cm luze, 32 cm sakon eta 99 cm altu eta 250 kilo inguruko pisua, eta zaharberritze-lanean, adituek hala gomendatuta, ez ziren berreraiki piezari falta zaizkion zatiak (sudurra, bibotearen zati bat, bekoki zati bat eta atzamar bat).

Honela, berroneratu ondoren Eibarko Museoan erakutsita, piezari duen balioa ematen zaio.

Dokumentuaren akzioak