Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kaleratu dira "Harro nago zutaz, Eibar! vs Amorratu egiten nauzu, Eibar!" argazki-lehiaketaren oinarriak Eibarko herriaren 675. urteurrenean.

2021/09/10
Zure herriaz harro bazaude edo Eibarrek amorrarazten bazaitu, atera argazkia eta bidali. Ikusizko mezua herritarrek beren herriaz duten iritzia batzeko Eibarren 675. urteurrenean.

Eibarko Udalak, Ego Ibarra Batzordearen bidez eta Eibarko Klub Deportiboaren Argazki Taldearen gidaritzapean, Harro nago zutaz, Eibar! vs Amorratu egiten nauzu, Eibar! argazki-lehiaketa antolatu du, eibartarrek beren herriaren errealitatea argazkien bidez isla dezaten, herriarekiko sentipena ikusizko mezuz adieraz dezaten eta herriaren alde onak eta txarrak bistaraz ditzaten. 

Lehiaketak 2 atal ditu: Harro nago zutaz, Eibar! eta Amorratu egiten nauzu, Eibar!. Aurrenak, Harro nago zutaz, Eibar! atalak  Eibarrek dituen gauza onak, Eibarko herriaz harro sentiarazten gaituen hori irudikatzen duten argazkientzako da.  Amorratu egiten nauzu, Eibar! atalak Eibarrek dituen gauza txarrak, Eibarren amorrarazten gaituena  irudikatzen duten argazkiak bilduko ditu.

Izena emateko epea 2021eko urriaren 4tik 29ra izango da (egun biak barne) epea hasi baino sei hilabete lehenagotik Eibarren bizi den adin nagusiko edonork har dezake parte.

Herritarren parte-hartzea sustatzeko, argazkiak bidaltzeko sistemarik errazena bilatu da: argazkiak bidaltzeko formulario bat bete beharko da elektronikoki Eibarko Udalaren webgunean (esteka hori urriaren 4an bertan jarriko da martxan). Argazkia JPG formatuan aurkeztu behar da, gehienez ere 2000 pixelekoa alderik handienean; erresoluzioa 300 ppp-koa izanik.

Argazki bakoitzeko izen-emate edo inskripzio bat egin beharko da. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez argazki original 1 aurkeztu ahal izango du atal bakoitzean. Atal bakoitzeko irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Bestalde, 150 euroko sari bi emango dira, epaimahai ofizialak hautatutako argazkietatik, herri-bozketa bidez hautatutako argazkietarako.

Herri-bozketarako, Epaimahaiak aukeratuko dituen argazki finalistak Udalaren webgunean jarriko dira (www.eibar.eus) 2021eko azaroaren 17tik 30era, herritarrek botoa eman eta sail bietako argazki bana aukera ditzaten.  Atal bakoitzeko argazkiak aukeratzeko bozketan botoa ematen duten unean Eibarren erroldatuta dauden 14 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute.

Oinarrietan xehetasun horiek eta beste hainbat gauza jakingarri dauzkazu zure argazkia/argazkiak sasoiz presta dezazun/ditzazun (ikus lehiaketaren oinarriak, PDF).  

Azken batean, ikusizko hizkuntza erabilita ikusizko mezuak bidaltzean datza lehiaketa.

Dokumentuaren akzioak