"Viaje por el país de los recuerdos" eta "Arratetikakuen izketango alegiñak" obren edizio kritikoak abian
Toribio Etxebarria eta Claudia haren emaztea. Argazkiaren jatorria: Maite Ferrán Echeverria
Toribio Etxeberriak 1949an idatzi zuen Viaje liburuaren lehenengo bertsioa, baina, nonbait, ez zen konforme geratu eta 1959an lanaren bigarren bertsio bat egin zuen, liburuki bitan banatuta: lehenengo zatiak 411 orrialde zituen, eta bigarrenak 381. Lan hori Mexikon argitaratu zen 1968ko urrian, Toribio hil ondoren; tirada 500 alekoa izan zen. Ordutik hona argitalpen hura erabili du Udalak 1990an eta 2004an kaleratutako lanetan.
Ego Ibarrak liburu horren edizio kritikoa kaleratu nahi du datorren urtean, idazleak egin zituen bertsio biak konparatuta eta behar diren ohar eta aipu guztiak jasota; aurkibide toponimikoak eta onomastikoak barne. Horretarako, aurten, lehenengo faseari ekin dio Miren Narbaizak, obra horien transkripzio lana eta hasierako azterketa eginez.
Lan horrez gain, Arratetikuen izketango alegiñak lanaren jatorrizko testua ere hasi da transkribatzen; Zarauzko Itxaropena argitaldariak 1967an argiratu zuen lana. Liburu horren zati batzuk zentsuraren hatzaparretan geratu zirenez beharrezkoa da edizio kritikoa egitea, Ego Ibarra batzordeak abian jarri duen lana.
Jatorrizko obra horiek Olga Arizmendiarrietak eta Yraolagoitia-Iraola familiak emandako donazioetatik iritsi dira.
Dokumentuaren akzioak