Ego Ibarra 2014: Santiago Arizmendiarrietaren bilduma Eibarko herriaren eskuetan utzi du haren alaba Olgak
Argazkia: Plazaola (Olga Arizmendiarrietak lagatakoa)
Argazkian Eibarko Klub Deportiboa, esperantoko maisua eta ikasleak. Erdian, Santiago Arizmendiarrieta. Ezkerrean, jarrita, Victoria bere emaztea –alboan Jose “Querido” zutik duela- eta atzean Olga alaba. Petrus, Imanol Laspiur, Arrate Ibargutxi... eta beste asko ere hor daude.
Horien artean azpimarratzekoa da “La guerra civil española. 20 meses prisionero” inoiz argitara gabea, 1936ko uztailaren 18tik 1939ko maiatzaren 14ra bitartean bizi izandakoa kontatzen duena. Ego Ibarra batzordeak 2015ean kaleratuko du.
Olga Arizmendiarrietak egin duen dohaintza hori 2014an landuko du Ego Ibarrak, dena behar bezala sailkatu, katalogatu eta udal osoko bilkurara eraman ondoren, Udal Artxiboan uzteko. Aldi berean, pre-edizio lana ere egingo da, ahal den informazio guztia, iturriak eta dokumentuak bildu eta, besteak beste, datorren urtean kaleratuko den liburu hori prestatzeko.
Santiago Arizmendiarrieta Mandiola Eibarren jaio zen 1903ko maiatzaren 1ean; aita, Jose Ramon Arizmendiarrieta, Barinagako Iturbe baserrikoa zen; ama, Josefa Mandiola, Markina-Etxeberriko Maxubei baserrikoa. Bost anaia-arreba ziren, lau mutil eta neska bat: Santiago, Maria, Alejandro, Jose eta Miguel.
Hamahiru urterekin hasi zen beharrean akabatzaile ofizioan bere aitak lanean ziharduen leku berean, Tomas Urizarren tailerrean. Lanpostu hori 1925. urtean utzi zuen Herriko Etxearen (Casa del Pueblo) kooperatiban lanean hasteko; Eibarko Institutuko eskolazain ere izan zen Angel Loidirekin batera harik eta gerra iritsi zen arte. Herriko Etxeko “Salud y Cultura” atalaren idazkari-kontulari izatea ere tokatu zitzaion sail horren buru Candido Eguren zen sasoian. Santiago Arizmendiarrieta, Victoria Urriategui Garate eibartarrarekin ezkondu zen eta alaba bat izan zuten 1932an, Olga, aitaren fondoa Eibarko herriaren eskuetan utzi duena.
Ez zen eskolan asko ibilitakoa baina herriko eskolan erakutsitakoaren atera zuen bizimodua aurrera. Oraindik argitaratzeke dauden memoria horietan bere buruaz hitz egiten duenean behargin arrunt bezala agertzen da, eskulangiletzat, Eusebio del Barrio maisuak eskolan erakutsitakoa baino "letra gehiagorik" ez duen behargintzat. Ostera, bere kabuz ikasteko erakutsi zuen gogoa, nahia eta kemena ez ziren makalak izan; horri esker lortu zuen gizon jantzia izatea eta esperanto klaseak ematea, bere lagunik handiena eta esperantoaren bidean ipini zuena, Toribio Etxebarria, atzean lagatzeraino. Arizmendiarrietak Klub Deportiboan erakutsi zien esperantoa hainbat eibartarri. Esperantoari buruzko hainbat batzar eta biltzarretara joan zen (Oviedo, Bilbao, Madrileko 1968ko Universala Kongresoa)
Gerra hasi zenean, elikagaien Eibarko komisarian ipini zuten lanean. Eusko Jaurlaritzako merkataritza eta elikagaiak sailaren menpeko hainbat lanetan jardun ondoren eta bere familia osoa Frantzian erbesteratuta zegoela, alde egin zezan, Santoñan,“Seven Seas Spray” barku ingelesean sartu zuten beste askorekin batera, baina italiarrek barku hura harrapatu eta barruan zihoazen guztiak preso hartu zituzten. 1937ko abuztuaren 28an sartu zuten Arizmendiarrieta Santoñako El Dueso kartzelan; handik, "Batallón de Trabajadores"era eraman zuten eta Burgosen hasi eta Teruelgo Albarracineraino hainbat lan, neke, ezbehar eta gertakizun jasan ondoren –hala ere, gorriak ikusi arren, umore punttu fin batekin kontatzen ditu gauza guztiak- 1939ko maiatzaren 9an utzi zuten libre. Eibarrera itzultzerakoan, Alejandro bere anaiarekin batera, Ardantza kalean Juan Urizarrek zuen tailerrera bueltatu zen. Handik denbora batera, Ondarretako kartzelan sartu zuten eta han egon zen berriro preso. Irten zenean, Gernikara joan zen lanera eta, handik urte batzuetara, berriro Eibarren lana izatea lortu zuen.
1977ko maiatzaren 19an hil zen, Victoria bere emaztea zendu (1970ko apirilaren 15a) eta zazpi urtera.
Santiago Arizmendiarrieta –behar bestean ezagutzen ez dena, gutxi ikertua- sarritan azaltzen da Toribio Etxebarriaren lanetan, baina batik bat "Viaje por el país de los recuerdos" eta "Ibiiltarixanak" liburuetan.
Dokumentuaren akzioak