Eibar errebista: "Eibar: herriaren arima (1952-2005)" erakusketa abenduaren 16an inauguratuko da.

2005/12/14
Pedro Zelaia abadeak 1952. urtean kaleratu zuen lehenengo aldiz Eibar aldizkaria eta ordutik hona egin duen ibilbidea luzea izan da; Eibar, herriaren arima (1952-2005) erakusketak, aldizkariari omen egin nahi dio eta aldi berean bere ibilbidea islatu nahi du. Erakusketa zabaldu baino lehen, 7,30etan, Portaleko Areto Nagusian, Ego Ibarra Batzordeak egin duen aldizkariaren digitalizazio-lana aurkeztuko da.

1952ko irailean argitaratu zen lehen aldiz; parrokiako berripaper legez. Eta Pedro Zelaiak garbi utzi zuen lehen ale hartan bere asmoa: "Procurara responder a su título EIBAR, abarcando en su contenido diversas facetas de la vida eibarresa y buscando su sabor local".

1955eko urrikoa izan zen azken "boletin parroquial"a. Hurrengo urtean, 1956ko martxoan, II. aroari ekin zion Zelaiak: aldizkaria itxuraz aldatuta agertzen zaigu, fondo gorri dotore batekin, tipografia berriarekin. Parrokiako orri izateari utzi eta "revista de un pueblo" izatera pasatu zen. Bigarren sasoi horretan ez dugu Don Pedro bakarrean ikusiko idazten: Juan San Martin, Urreta, Tomas Echaluce, Cleto Unzueta eta beste idazle entzutetsu asko sarritan agertuko dira haren ondoan. II. aro horretan aldizkariaren 358 ale kaleratu ziren 1956ko martxotik 1994ko urtarrilera arte.

Pedro Zelaiaren azken aldizkaria, 1994ko otsailakoa izan zen; urte hartan hil zen, apirilaren 5ean, eta ale berezi bat azaldu zen "II. Epoca-Año 42- último número" datua ematen. Ale berezi horretan Jose Mari Kruzeta agertzen da koordinatzaile gisa eta erredakzio-kontseilukide hauek ditu alboan: Jesús San Miguel, Maria Angeles Zulaika, Pepe Txikiena, Tomas Zubizarreta.

Hurrengo aleak, 94ko Arratietakoak, Eibar errebistaren III. aroari ireki zion bidea. Jose Mari Kruzetak jende asko jarri zuen lanean: Amatiño, Ramiro Larrañaga, Markina, Silbia Hernández... Argazki-galeriak sasoi hartakoak dira. Jose Mari Kruzeta 2002ko urriaren 15ean zendu zen eta Margarita Olañetak hartu zuen aldizkariaren zuzendaritza 2003ko lehen alean erredakzio-kontseiluan Jorge Kruzeta, Jose Antonio Rementeria, Jesús Gutierrez, Jose Luis Gorostegui eta Antxon Narbaizan sartuta eta Zabaleta, San Miguel, Zulaica, Pepe Txikiena, Tomas Zubizarreta, Jesus Mari Agirre, Joxin Agirre eta Fernando Etxeberria lankideen laguntzarekin.

Aldizkariaren 2005eko ale bereziak, Eibar, herriaren arima (1952-2005) delakoak, (69-bis zenbakiduna) lehen aldiz darama hemendik aurrera aldizkariarena izango den ISSN zenbakia, 1885-5946 zenbakia alegia. Eibar aldizkariak sekula ez du etenik izan, sekula ez da geratu argitaratu gabe.

Informazio gehiago eta aldizkariaren azken ale berezia erakusketen atalean.

Dokumentuaren akzioak