Enrike Zuazua Iriondo
Matematikaria, 1961-09-28
OHO ikastolan eta La Salle ikastetxean egin ondoren, BBB eta UOI Unibertsitate Laboralean egin zituen. Matematika Zientzietako lizentzia atera zuen 1984an, EHUan, eta handik denbora batera Zientzia Fakultateko Sari Nagusia jaso zuen. Parisko “Pierre eta Marie Curie” Unibertsitatearen Analisia Numerikoaren Laborategian tesia prestatzeko beka jaso zuen. 1988ko otsailean egin zuen tesiaren defentsa eta kalifikaziorik altuena eman zioten. Doktore-tesia euskaraz egin zuen; Piskunov-en “Kalkulu diferentzia eta integrala” liburua (UEU) ere berak euskaratu zuen beste batzuekin elkarlanean. UEUko ikastaroetan sarritan egon da hitzaldiak ematen.
1987-1988 ikasturtean irakasle laguntzaile izan zen EHUn. Doktoretza-ondoko egonaldia egin zuen 1988ko irailetik abendura bitartean New Yorkeko Unibertsitatean. Handik gutxira, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan irakasle titular plaza eskuratu zuen Analisi Matematikoan.
1990eko uztailean, 29 urte zituela, lortu zuen Madrilgo Konplutenseko Matematika Aplikatuaren katedra. Sailaren zuzendari izan zen 1990etik 1994ra bitartean eta Matematika Aplikatua sailaren zuzendari 95etik 99ra. 2001ean Unibertsitate Autonomora joan zen irakasle. Gaur egun Madrilgo IMDEA-Matemáticas Institutuaren zuzendari dugu.
Zuazua eibartarra Estatu Batuetako hainbat Unibertsitatek eta Frantziako beste horrenbestek ezagutu izan dute irakasle. Hamazazpi dira zuzendu izan dituen doktoretza-tesiak, denak emaitza ezin hobeagoekin –bere zuzendaritzapean tesia burutu zuten Ana Carpiok eta Carlos Castro aparteko sari bereziak jaso zituzten euren lanagatik.
Orain arte, berrogeita hamarretik gora dira, munduko matematikaririk onenetakoa bezala Nazioarteko Kongreso berezietan eman dituen hitzaldi bereziak: Finlandia, Niza, Paris, Hong Kong… Ikerlari aparta, Plan Nazionaleko proiektu nagusienetan ikerlari nagusia bera izan da eta gaur egun ere hala da: Madrileko SIMUMAT proiektuaren koordinatzaile; nazioarteko hainbat proiektutan Espainiatik bidalitako erantzule nagusi (Europa Elkartearen Tempus, Alfa, Science…). 2007ko abenduaren 13tik 15era, Zuazuak berak antolatuta, nazioarteko kongresu bat izango da Coimbran. 2008an zehar hitzaldi asko eskainiko ditu munduan zehar eibartarrak (Txina, Mexiko, Santander, Paris…).
ESAIN:COCV aldizkariaren editore-burua da 2003az geroztik, ISI zerrendan, matematika aplikatuen alorrean eta automatizazioan eta kontrol sistemetan goreneko mailan dagoen aldizkaria. Beste aldizkari berezitu batzuetan ere editore da.
2006ko Euskadi saria jaso zuen, Zientziaren eta Teknologiaren atalean. 2007ko “Julio Rey Pastor” Sari Nazionala jaso du, Matematikaren eta Informazio Teknologiaren eta Komunikazioen Ikerketan ematen den saririk garrantzitsuenetakoa. 2019an Alexander von Humboldt ikerketa-saria jaso zuen.
Alexander von Humbdolt ikerketa saria jasotzeko ekitaldiko argazkiak