Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jose Zugasti Arizmendiarrieta

Eskultorea, 1952-06-05

Madrileko Arte Ederretako San Fernando Goi-Eskolan ikasi zuen bere ofizioaren muina. 1980an itzuli zen eta Donostia hartu zuen bizilekutzat.

Beste lagun batzuekin batera hainbat erakusketatan hartu du parte eibartarrak; hona hemen, batzuk baino ez aipatzearren: Gipuzkoako Artista Berriak (1978, 1979 eta 1980), Arteder (1981, 1982 eta 1983); Blanco y Negro Bienala (1980, 1982); Gasteizko Eskultura eta Margo Bienala (1980, 1982); Nuevo Espacio galeria madrildarraren inaugurazioa (1982); Euskal Artisten Elkartearen fundazioa eta aurkezpen-ekitaldia (1983); Nafarroako Jaialdietako Margo lehiaketa (Hiriberri, 1984); Donostiako artegileen erakusketa (Wiesbaden-Donostia, 1985); Euskal Artea Gaur (Bilbo, 1987); Arte 80 (San Telmo Museoa, 1991); Glasgow (1990ean, Europako Kultura Hiri); Arco (1992, 1997 eta 1998ko edizioak; 2000. urtetik 2006. urtera arte etengabe Madrileko Vanguardia galeriaren eskutik; baita 2010ean eta 2011n ere). 2011. urtean, Kubo-Kutxa Aretoak antolatutako Itsasurdin: Kutxaren arte-ondarera egindako hurbilketa eskuratutako azken lanen bidez, 2008-2010 erakusketan hartu zuen parte beste hainbatekin batera. 2014an, Donostiako Okendo Aretoan egindako Primitiboa&Garaikidea erakusketako artegiletako bat izan genuen.

Gernikan 1981ean bakarrean egin zuen erakusketa hartatik hona toki askotan jarri ditu bere lanak, gehientsuenetan, Euskal Herrian. Halere, Salamancan, Madrilen eta Kolonian ere izan du bere obra erakusteko parada. Azkena, aurten bertan Miarritzen egin duen erakusketa dugu, Anne Broitman Arte Galeriak antolatutako Attraction zeritzona.

Ez dira gutxi eta nolanahikoak Zugastik jasotako sariak: Gasteizko V. Bienal Plastikoaren I. saria (1980); Gipuzkoako Artista Berrien XXIII. Lehiaketa (1982); Valentziako Bancaixa Saria (1993); Bilboko Udalaren Bilbao Ría 2000 saria. Caja Vital-en Eskultura Publikoko II. Leihaketa irabazi zuen 2002an, eta 2005ean, Euskal Herriko Bide, Ubide eta Portu Ingeniarien Elkargoaren 125. urteurreneko Lehen Saria eskulturan.

Euskal museo gehienek dute Zugastiren obra; baita hainbat udalek (Bilbo, Donostia, Lemoa, Eibar...) eta banku-erakundeek ere. Nicaraguako Museo Nazionalean bere lan bat dago.

Eibarren, lehenengo aldiz, 1993. urtean erakutsi zuen bere lana. Handik hiru urtera, 1996an, Portalea kultura-etxearen inauguraziorako prestatu zen Eibartikan erakusketa kolektiboan hartu zuen parte, eta, orain dela urte batzuk, 2010ean, Alfa Arteko lokaletan Formen Dantza.

Iturriak:

  • Auñamendi.
  • www.esculturaurbana.com
  • Kobie
  • Eibar aldizkaria
  • Donostia Kultura