Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

José Eulogio Garate Ormaechea

Futbolaria, 1944-09-20

Futboleko adituentzat, José Eulogio Garate Ormaechea “areako ingeniaria” izango da beti. Garate, Sarandí hirian jaio zen, Argentinan, 1944ko irailaren 20an, baina ustekabean bezala jaio zen han; horixe esaten dute haren biografo guztiek. Xehetasun horrek, baina, eragin handia izan zezakeen garai hartan futbol jokalarien ibilbidean, kirol emaitzek eta ospeak baino are garrantzi handiagoa. Horregatik nabarmentzen dugu xehetasun hori.

Guri, oraingoz, balio digu haren belaunaldiko eibartarren artean hainbesterako ustekabea ez zela izan azaltzeko: gurasoak aitita bisitatzera joan zirelako jaio zen José Eulogio Sarandí hirian, Buenos Airesko probintzian; izan ere, aitita Eibarko alkateorde eta errepublikanoa izana zen eta erbesteratu egin zen. Garate abizena G.A.C. bizikletetan ageri den hori bera da, eta, beraz, José Eulogio eibartartzat jotzeko arrazoi sendoak ditugu, nire ustez.

Are gehiago, Garate txikia ia berehala itzuli zen Eibarrera, eta Eibar Kirol Elkartean egin zuen futboleko debuta, 1963an: Garate Tuteran ikasten zebilela, begirale batek Deban ikusi zuen jokatzen udan, eta Urko taldean jokatzea eskaini zion, eta handik igo zen lehen taldera. Nahiz eta gazteak futbolerako dohain bereziak izan, gurasoak beti guraso, eta haientzat, normala den bezala, ikasketek zuten lehentasuna. Hala, Bilboko Ingeniari Eskolan hasi zen ikasten Garate, eta horrek Ipuruako entrenamenduak askotan huts egitea ekarri zuen. Diziplina falta hori zigortu ohi dute gehien-gehienek, baina Garatek jokatu egiten zituen asteburuetako norgehiagokak. Atera kontuak hortik zer-nolako jokalaria zen mutila hasierako garai hartarako.

Ikasketetako prestakuntza aurretik jartzeak ekarri zuen Eibarko taldea lagatzea eta Ingeniari Eskolatik gertuagoko klub bat aukeratzea. Hala, Indautxu taldean hasi zen jokatzen 1965ean. Talde hura, jakinekoa zen, Bilboko Athleticen harrobikoa zen, baina Athleticen filosofia zorrotzak eragotzi egin zion Athleticera joatea, halako jokalari bikaina zela jakinda ere. Itxura denez, Argentinan jaioa izatea ustekabe ezin larriagoa zen.

Hark, aukeran, Athleticen alde egingo zuen, baina, hura baztertuta, kontua zen zer taldek emango zion Ingeniaritzako ikasketak amaitzeko aukera. Realak ere agertu zuen hura fitxatzeko gogoa, baina Donostian ez zegoen ingeniaritza eskolarik. Beraz, Madrilera joan beste aukerarik ez zuen. Han, ikasten jarraitzea eta soldaduska egin beharrik ez izatea ziurtatu zion Atletico Madrilek.

Klubaren kirol garai onenetako baten atarian iritsi zen Garate Atleticora. 1969-70eko, 1972-73ko eta 1976-77ko denboraldietako ligak, 1971-72ko eta 1976-77ko kopak eta 1974ko kontinenteen artekoa irabazi zituen taldeak Garaterekin. Han izendatu zuten “areako ingeniaria”; batez ere, jokorako begi zorrotza zuelako eta jokaldi bikainak egiten zituelako, ez bakarrik ikasketak amaitu zituelako. Dohain horiei esker, Espainiako selekzioarekin hemezortzi partida jokatu zituen, entrenatzaile Kubala mitikoa zuela gehienak, eta bost gol sartu zituen.

Garateren beste ezaugarri bat haren dotorezia izan omen da, bai futbolean jokatzean zuen dotorezia eta bai harremanetarako zuena. Futbol jokalari zintzo eta prestua izan da. Horri dagokionez, badira zenbait anekdota. Adibidez, kontrarioari zor zaion begiruneagatik bere golak ospatzen ez zituelakoa —ez zituela ospatzen esatea, beharbada, gehiegi esatea da—, eta ziren gol gutxi izan —1968-69ko, 69-70eko eta 70-71ko ligetan berak sartu zuen gol gehien—. Beste anekdota bat: futbolari ibilbide osoan behin bakarrik kanporatu zuela epaileak zelaitik. Eta beste bat: Benito atzelari ezagunak, zeinak “edo baloia edo aurrelaria baina biak batera ez pasatzeko legea” zorrotz betetzen baitzuen, bakarrik ingeniariarekin uzten zion lege gogor hori betetzeari; Benito Real Madrilekoa zen, Atletico Madrilen aurkari amorratukoa; pentsa, beraz, nolako begirunea zioten.   

Garatek 1977an hartu behar izan zuen erretiroa, belauneko lesio arraro batek hala behartuta. Ez da harritzekoa izaten aurrelariek belaunak txikituta amaitzea futboleko ibilbidea, baina Garateren lesioa ez zen besteak bezalako lesio arrunta. Denboraldi hartan jokatutako lehen partidan zauri txiki bat egin zuen belaunean, eta zauri horretatik sartu zitzaion onddoak giltzadura erabat harrapatu zion.

Kontua da hasiera batean jarri zioten tratamendua kalterako izan zela, eta Garate txiripaz atera zen osorik, hanka galtzeko arriskua izan baitzuen. Hala, harrezkero, areako ingeniaria izateari utzi zion eta ingeniaria baino ez da izan.