Eibarko Eraikinak 360º
Badira zenbait urte Eibarko Udaleko Ego-Ibarra Batzordea informazio geografikoko sistema bati lotutako datu-base bat garatzen ari dela, udalerrian balio historiko-artistikoa duten eraikinen inguruko ahozko informazioa, idatzizkoa eta grafikoa bildu eta hori guztia herritar guztien eskura jartzeko. Datu-basearen alderdi publikoa Lekuak eta Historia izeneko webgunean argitaratu dugu.
Eibarko eraikin interesgarrien 3D kartografia egin da euren egoera dokumentatzeko eta birtualki bisitatzeko
Datu-base horretarako informazio historiko asko jaso den arren (argazkiak, planoak, elkarrizketak...), kasu askotan ez zegoen eraikinen kartografia orokor eguneraturik. Horregatik, eraikin garrantzitsuenak eskaneatzeko lanak hasi ditugu, besteak beste, Eibarko eraikin interesgarrien kartografia eguneratua izateko (gerora zaharberritze- edo birgaitze-proiektuak garatu ahal izateko) eta baita eraikinek gaur egun duten egoera dokumentatzeko ere, herritar guztiek modu birtualean ikus ditzaten.
2023an abiatu genituen 3Dko kartografia birtualeko lanak, Eibarrek duen erlijio-eraikin nagusitik hasita, San Andres eliza grabatuz. Horren ondoren etorri dira Sagartegieta jauregia (XVII. mendeko estilo barrokoko eraikin zibila), Txontako Industrias Rocandio (XX. mendearen lehen erdiko industria-eraikina, herriaren industria-jarduera eta historia ederki asko islatzen dituena) eta Untzueta edo "Jauregixa" izenez ere ezagutzen den jauregia (estilo barrokokoa eta jauregi-jatorriko eraikina, XVII. mendekoa).
Egindako grabazio guztiak herritarren esku jarri ditu Egoibarra Batzordeak webgune honetan, https://360.egoibarra.eus/.
Dokumentuaren akzioak