Paulino Larrañaga Longarte
Grabatzailea, 1918-04-13
Paulino Larrañaga Eibarren jaio zen 1918ko apirilaren 13an. Gurasoak, Pablo Larrañaga Badiola eta Maria Longarte Bilbao. Umetan, udaletxean zegoen eskolan ikasi zuen; handik Frontoi Zaharreko herriko eskolara eraman zuten eta Isasiko Korazonistetan egin zituen bere azken ikasketak. Oraindik mutil koskor zela hasi zen beharrean, lanean.
Paulinoren maisuak: Jesus Berezibar "Txopa", Jacinto Olabe, Cayetano Careaga.
Artearen munduan izan zuen lehenengo maisua Jesus Berezibar izan zen, “Txopa” (1909-1980), hark erakutsi zizkion marrazteko urrats nagusiak, baina batik bat egurra lantzeko bideak. Berezibarrek –Eibarrek izan duen arotz edo egur lantzaile onenetakoa- Gernikako Arte eta ofizio Eskolan ikasi zuen; hangoa amaitu eta Madrilera joan zen Arte Ederretako Zirkuluan ikasketak sakontzera. Eibarrera bueltatu zenean Arrandegi kalean akademia bat zabaldu zuen eta hantxe ikasi zituen Larrañaga gazteak egurraren zer guztiak. Gerra ostean, Berezibar Venezuelara joan zen; Meridan arte eskola bat sortu zuen, eta artisauen etxea Santa Anan. 1980ko abuztuaren 16an hil zen Margarita irlan. Lan on askoak utzi zituen herrialde hartan.
Jacinto Olabe pintore eibartarra izan zen Paulino Larrañagak eduki zituen maisu handi haietako bat. Harekin landu zuen marrazkia eta argizaria modelatzen ikasi zuen. Jacinto Olabe Eibarren jaio zen 1877ko abuztuaren 15ean. Umea zela, bere familiarekin Argentinara joan zen; 1894an bueltatu zen Espainiara. Madrileko San Fernando Arte Ederretako Eskola ospetsuan matrikulatu zen Isasiko markesaren laguntzari esker. Ikasketak amaitu zituenean jaioterrira etorri zen eta pintura eta artisautza tailer bat zabaldu zuen; Udal Marrazki Akademiaren zuzendari ere izan zen. Pintura-ondare handia utzi zuen. 1957ko irailaren 9an hil zen.
Baina Cayetano Careaga (1877-1965) izan zen bere maisurik kutunena, grabatugintzaren mundua zabaldu ziona. Careaga grabadore eta damaskinatzaile handia 11 urterekin hasi zen lanean, Victor Maria Arana grabadore ospetsuarekin hiru urteko ikasketa-kontratu bat eginda. Sasoi hartako grabadore eta damaskinatzaile sarituenetakoa izan zen, bere lanaren kalitateak ez zuelako izaten ezelako dudarik.
Gerratea eta gerra ostea
Paulino Larrañagaren bizitzak antzekotasun handia du gerra zital haren zoritxarra jasan egin behar izan zuten bere sasoiko beste eibartar askorenarekin. Hamazortzi urte zituela tailerra jarri zuen Bonifacio Martinezekin batera, baina gerra ondoren, tailerra itxi egin behar izan zuten. Gerra atera zenean boluntario joan zen “San Andres” batailoian. Beasain aldera atera ziren, baina gero atzera egin beharra etorri zen eta Kalamuako frentean denbora asko pasatu beharrean aurkitu ziren. Otxandioko bonbardaketa ere bizi izan zuen; handik Bilbora. Nazionalen alde ziharduten italiarrek Laredon harrapatu zituzten, eta beste asko bezala, eibartarra preso hartu zuten. “Batallón de Trabajadores” delakoan Nafarroan lan egitea tokatu zitzaion; Teruelgo frentera ere joan zen trintxerak egitera, hara bidali baitzuten soldadu preso zegoela.
Gerra ostean –oraindik preso zegoela- Bartzelonara bidali zuten; han hiria berriro jasotzen ari ziren arkitektoendako jardun zuen lanean, zubiak eta jausitako etxeak marrazten. Hamazortzi urterekin herritik irten eta hogeita lau urterekin bueltatu zen Eibarrera; lana ostera, Gernikan bilatu zuen, “Joyería y platería de Guernica”n. Lau urte egin zituen han, gero Durangora joan zen beharrera, Amilibia fabrikara. Handik urtebetera, Eibarrera itzuli eta bere kontura hasi zen lanean, grabadore, ondo baino hobeto ezagutzen zuen gubilla eskuetatik kendu barik.
Artegintza eta maisutza
Larrañagaren lehenengo lana, 14 urte baino ez zituela egindakoa, bere aitari arkatzez egin zion erretratua izan zen.
* Paulino Larrañagak makina bat marrazki egin ditu liburu, aldizkari, egunkari eta hainbat argitalpenetarako. Bere lanik ezagunenak, zabalkunde handia izan zuten 1955eko euskal argitalpen bi ditugu: Umandiren “Gramática Vasca”ri eta A. Onaindiaren “Milla Euskal-olerki eder” liburuen azalak. Mogelen “Peru Abarka”ren 4. edizioak eta Jon Etxaideren “Pernando Plaentxiatarra”renak ere Paulinoren dibujo eder askoak daramatzate.
* Herririk herri ibiltzen zen han hemenka egiten ziren pintura lehiaketatan; 1966an Mundakako saria irabazi zuen, Bizkaiko Artisten Elkarteak antolatutakoa. Sasoi hartan, San Martinek egin zion elkarrizketa batean zioen “gure arte-ekipo honetan” Joxe Kareaga, Lucas Alberdi, Beorlegui, Iraegi, Alejandro Marfull (aita), Fernando Martin, Luis Markano eta Dionisio Murua zeudela. 1971ean, Bidebarrieta kalean, estudio bat zabaldu zuen pintatzen denbora eta ordu gehiago egitearren.
* Paulino Larrañaga bera ez zen Gorutz artisten talde hartan sartu, baina Daniel Txopitea zenak aspaldi egin zioten elkarrizketa batean gogora ekartzen zuen bezala, Pagei kalean udalak utzi zion ganbara zahar bat utzi zuen Paulino Larrañagak talde osoaren esku, 1967az geroztik, topaleku eta sormenerako leku bihurtu zen ganbara.
* 1974. urtean, Bilboko Windsor Arte galeria ospetsuan egin zuen erakusketa; 32 lan erakutsi zituen eta jendeak oso ondo hartu zituen artelan haiek. Erakusketa hartan, pinturez gain, egurrez egindako eskulturak ere baziren eta arrakasta handia izan zuten, besteak beste “La paz es obra de todos” izenekoak. Urte hartan bertan, Eibarko “Iñaxio” bodegoian, Paulinoren pintura bi eta sinbolismo bat zeuden, azkena, Eibarko industriaren omenez egindakoa. Pinturetako batek arma-lantegi zahar bat irudikatzen zuen eta besteak Birjiñapea, bodegoia zegoen lekuan antzina zegoen lekua.
Pilota asko maite du Larrañagak, eta bere obran sarritan azaltzen da kirol hori: bereak dira Astelena Frontoiaren atondoko pilotariak .
* Eibarren egin zuen lehenengo erakusketa 1976. urtean izan zen: CAMaren erakusketa-aretoan 38 lan zeuden.
* 1980an, Dora Arreguiri erreleboa hartu eta Eibarko Artisten Elkarteko buru izendatu zuten. Urte hartakoa da Eibarren egin zuen bigarren erakusketa, azaroaren 14tik 27ra, berriro ere CAMaren erakusketa-aretoan. 40 pintura-lan, 7 Eibarri buruzkoak, gainerakoak arrantzaleenak, Alicante, Guadalajarako parajeak… Plaza Barriko 1ean zuen orduan bere estudioa, hango ganbara batean. “Armeruak” eta “Idi Probak” egur landuek orduantxe ikusi zuten argia.
*1982an beste erakusketa bat egin zuen, areto berean: 22 olio eta 12 egur taila. Parisen egin zuen egonaldian egindako koadroak zeuden. “Ruski” Eibarko upategi zaharrari egindako koadroak ere orduan ikusi zuen argia. Kirolariak, Arrateko ama, Tchaikovsky musikaria, flamenkoa… Inspirazio-iturri guztiak erabili zituen.
* Pedro Zelaiaren “Umore Giroan”, Ego Ibarra batzordeak 1991ean kaleratutako liburuan, Paulinoren marrazki asko daude, batik bat Eibarko pertsonaiak, Martzelo Katu Baltza eta beste hainbat.
* 1996an Topalekuan egin zuen erakusketa. Egur-tailak (J.M. Barandiaranen omenez, Sorgina, Rock, Loiolako Iñigo…), oleoak (St. Servan herria, Paris, Gitanilla con cabra, Homenaje a Falla..) eta brontzeak (Langilea, Goya, Iparragirre…).
* 2001ean, Eibarko udalak, Paulino Larrañagari obra bat egiteko enkargua egin zion, Armeria Eskolaren ondoan jarrita dagoen “Sustraiak” eskultura.
* 2006an, Erandion, bere “Sustraiak” obra inauguratu zuten; brontzean egindako lan horrek 5 metroko altura du eta hiru tona eta erdiko pisua.
* 2007an, Portalean, Asun Gamarra bere ikasleak egindako komisaritza lanari esker, 150 lan baino gehiago batu eta erakusketa ikusgarria egin zen. Erakusketa hartan, Gamarrak hasierako lanetatik hasi eta azken urteotan Paulinok egindako lan gehienak bildu zituen. Erakusketa hori liburu-katalogoan islatu da.
Paulino Larrañagak izan dituen eskoletan –Bidebarrietakoa, Plaza Barrikoa, Gisastukoa- ibili diren ikasleak asko izan dira; eta bere ikasleek beti azpimarratu dute Paulinoren gizatasuna eta arte-jakinduria. Asko izan ziren baita Donostiako Catalina de Erauso Arte Elkartean klaseak eman zituenean bere ondoan ikasten ibili ziren gazteak ere.
Erabilitako iturriak: “Eibartarren Ahotan” Eibarko Udal Artxiboa-Archivo Municipal, Revista Eibar, Euskaltzaindia, Auñamendi, Editorial Etor, Diario Vasco, Alfa Arte, Argia, Kutxa, Euskadi Irratia, Ego Ibarra (hainbat argitalpen).