Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Felipa Gisasola Gabiola

Damaskinatzailea eta irakaslea, 1852-04-30

Felipa Gisasola Gabiola

Felipa Guisasola Gabiola Eibarren jaio zen 1852ko apirilaren 30ean. Gurasoak, Miguel Antonio Guisasola eta Josefa Gabiola, eibartarrak ziren. Umea zelarik galdu zuen Felipak aita.

Felipak txikitan ikasi zuen marrazten Udal Dibujo Eskolan eta hamahiru urterekin bazekien damaskinatzen. Urte hartan, 1865ean, Isabel II.a Erreginak Eibar bisitatu zuen, eta haren omenez herriko industrien lanen erakusketa bat antolatu zen. Erreginak, ikusirik Felipak damaskinatzeko bolarekin nola lan egiten zuen, urteko 1.500 pezetako beka bat eman zion eta Placido Zuloaga handiarekin egin zuen formakuntza.

Formakuntza bukatuta, Eibar eta Madril artean bizi izan zen. 1875ean, 23 urterekin, lehenengo aldiz agertu zen prentsan. Albistean, Felipak egindako urrezko eta zilarrezko inkrustazioak zituen burdinezko kaxa bat goraipatzen zen, eta artistaren etorkizun oparoaz hitz egiten.

Lorenzo Zaragozano Arguiano damaskinatzaile eibartarrekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten 1880 eta 1887 urteen artean: Emilia, Miguel eta Juan. Lorenzo 1887an hil zen, eta Felipa alargun utzi, 35 urterekin. Ordurarte elkarrekin hainbat artisau-lan egin zituzten, eta Madrilen “Casa Felipa” deituriko denda eta tailerra ireki zuten, Arenal kaleko 14. zenbakian. 

Madrilen bizi izan zen garaian, hainbat sari eta aipamen irabazi zituen Felipak:

Bruselako Eraskuketa Nazionalean (1888) Urrezko Dominarekin saritutako marko damaskinatua. Iturria: Eibarko Armagintzaren Museoa
Bruselako Eraskuketa Nazionalean (1888) Urrezko Dominarekin saritutako marko damaskinatua. Iturria: Eibarko Armagintzaren Museoa

  • 1879an, Madrileko Geografoen Elkarteko LEHENENGO SARIA.
  • 1883an, Meatzaritza, Metalurgia-arte, Zeramika, Kristalgintza eta Ur Mineralen Erakusketa Nazionaleko OHOREZKO DOMINA.
  • 1885ean, Anbereseko Nazioarteko Erakusketako URREZKO DOMINA
  • 1888an, Bruselaseko Nazioarteko Eraskusketako URREZKO DOMINA ETA AURRERAPEN ONENARI SARIA
  • 1889an, Pariseko Nazioarteko Erakusketako URREZKO DOMINA
  • 1889ean ere, Arte Ederren San Fernando Akademia Errealeko MERITU ARTISTIKOA
Felipa Guisasolaren lanak oso ezagunak ziren bai Espainian baita nazioartean ere, eta piezak oso garesti saltzen ziren. Anberesen saritutako pieza garaiko 35.000 pezetatan saldu zen eta Parisekoa 70.000 frankotan. 1893an, Chicagoko Nazioarteko Erakusketan parte hartu zuen eta 20.000 eta 40.000 dolarretan saldu ziren haren lanak. Gaur egun ere, Feliparen lanak 8.000 eta 10.000 dolarren artean saltzen dira enkanteetan. 

Parisen irabazitako piezagatik hau idatzi zuen garaiko prentsak:

En el centro del salón […], presenta Dª Felipa Guisasola una magnífica obra de arte. Es un marco de un 1 metro y 33 centímetros de altura por 0,80 de ancho, coronado por un amorcillo de hierro que sujeta dos monstruos alados y que descansa sobre una esfinge del mismo metal. Entre el óvalo y el recuadro del marco cuatro cabezas de grifos, maravillosamente cincelados en bronce, y lo restante cubierto de finísimas guirnaldas y complicada hojarasca, en partes incrustadas y en parte cinceladas en oro de dos colores.

Quince meses empleó la autora en este trabajo delicadísimo, tan correcto en el dibujo como en la ejecución. Un rico americano ofrece 70.000 francos por la obra, y aún parece escaso el precio.

Freeman's enkante-etxeak salgai duen mahaitxo damaskinatua. Iturria: Freeman's Auction
Urrezko eta burdinezko grabatu arabiarrak dituen mahaitxo damaskinatua (Felipa Guisasola, 1890)

 

1900. urtean, “Casa Felipa” Madrileko denda saldu, eta Eibarrera bueltatu zen. Geroztik eta heriotzara arte, herriko erroldetan agertzen da bere seme-alabekin batera. Juan eta Miguel semeak ere damaskinatzaileak ziren eta tailer propioa zuten. Felipak hainbat tailer ireki zituen Eibarren (Isasi kalean, Untzaga Plaza inguruetan, Kalbetoi kalean, Bidebarrietan…) eta emakume askori damaskinatzen irakatsi zion. 1919an nesken Udal Dibujo Eskolako laguntzaile-plaza lortu zuen, eta 1922. urtera arte aritu zen bertan lanean.

1939an hil zen Eibarren 87 urterekin.