Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Felisa Ventura Irigoyen

Praktikantea, 1902

Felisa Venturaren praktikante-karneta

Felisa Ventura Irigoyen Eibarren jaio zen 1902an.

Erizaintza edo praktikante ikasketak egin zituen Valladolideko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean eta, 1923. urtean, titulua lortu zuenean, urtebetez aritu zen  unibertsitate bereko Obstetriziako Klinikan lanean, ebakuntzak egindako gaixoei sendaketak egiten eta interbentzio kirurgikoetan parte hartzen. Federico Murueta Goyena katedradunak, praktikante eta emagin lanetarako gaitasuna zuela aipatu zuen.

1925. urtean, 23 urterekin, ikasketak bukatuta eta “Erditze normaletan laguntzeko baimendutako praktikante” tituluarekin, Eibarren Birjiñape kalean zegoen Nuestra Señora de Arrate Klinikako praktikante kargua hartu zuen. Bertan, erditzeetan laguntzeaz gain, laborategiko analisiak, erradiografiak, erradioterapia-tratamenduak, ebakuntzak, etab. egiten zituen.

XX. mende hasieratik, Gipuzkoan tuberkulosia oso zabalduta zegoen eta gaitz horren aurkako borrokan, hainbat erietxe zabaldu zituzten lurralde guztian zehar. Eibarren, 1910. urtean gaixoentzako galeria eta lorategi bat eraiki arren, ez zen nahikoa gaitzari aurre egiteko, eta, 1930eko ekainaren 1ean, gaur egungo Amañako auzoan, Victoria Eugenia Tuberkulosoen Erietxea zabaldu zen, Ziriako Agirre mediku eibartarra zuzendari zuelarik. Urtebete lehenago, 1929an, Felisa Venturak udal praktikante plaza lortu zuenez, kargu hori hartu zuen erietxe berrian ere, eta Ziriako Agirrerekin batera aritu zen tuberkulosiaren aurkako borrokan. 

Ventura eta Z. Agirre

Ventura eta Z. Agirre 2
Felisa Ventura beti Ziriako Agirre medikuaren ondoan lanean. Iturria: Nerea Ventura Fondoa

 

Formakuntza hobetzeko asmoz, 1934. urtean hilabeteko baimena eskatu zuen, eta bere anaia Jacinto Venturak ordezkatu zuen erietxean, hark ere praktikante titulua zuelako. 

1938an, Gobernazio Batzordeak salaketa bat jarri zuen Eibarko udal langile batzuen kontra, baita Felisaren kontra ere, eta prozesu bat zabaldu zien “por desafección al glorioso alzamiento nacional”, alegia, altxamendu nazional loriatsuarenganako atxikimendurik ez izateagatik. Gainera mediku-zabarkeria ere leporatu zioten eta Gipuzkoako Osasun Buruzagitzak, udal-praktikante kargutik kentzeaz gain, bi urtez zerrendatik kanporatu zuen eta konfiantzazko karguak betetzeko inhabilitatu. Nahiz eta Felisak helegiteak jarri, lau urtez egon zen medikuntzan jardun gabe.

Felisa Ventura1943. urtean bueltatu zen bere zereginetara, Gipuzkoako Osasun Buruzagitzak haren kontrako zigorra atzera bota zuenean. Guztira 30 urte baino gehiago eman zituen Udaleko praktikante bezala eta emagin lanetan.

Eibarren hil zen 1959an eta bere familiak osasungintza-arloko bokazioari jarraitu zion. 

 

 (Irudi guztiak, Nerea Venturaren Fondotik ateratakoak dira)