Jose Cruz Etxeberria Leturiondo
Alkatea, 1833-09-28
Jose Cruz Etxeberria Leturiondo Eibarren jaio zen, 1833ko irailaren 14an. Gurasoak Migel Joseph Etxeberria eta Mikaela Joakina Leturiondo ziren.
Aita, Migel Joseph, Alegiatik etorria zen Eibarrera, eta herriko kapare edo hidalgo tratamendua eskatu zuen, 1856ko abuztuko agiri baten aitzakian. Agiri horrek ziurtatzen zuen haren aurreko bost belaunaldiak Urrestillako, Beizamako eta Alegiako hiribildu nobleetan sortuak zirela eta ez zirela nahastu ijitoen arrazakoekin, ez eta Eibarko herritarrek arbuiatzen zuten inolako etniakoekin ere.
Jose Cruz Etxeberria M. Petra Orbea-Urkizu Muruarekin esposatu zen, Orbea armaginen arrebarekin, eta sei seme-alaba izan zituzten (Bonifacio, Juana, Polonia, Maria, Marcela eta Julian).
1873. urtean, karlisten altxaldiaren kontra borrokatzeko, askapenerako herri armadan sartu zen, Askatasunaren Boluntarioen Taldean, eta kapitain izatea lortu zuen. 1876ko abenduaren 15ean, Gipuzkoako Diputazioak bere diploma eman zion, egindako merituengatik eta ordenaren eta askatasunaren alde emandako zerbitzu nabarmenengatik.
1879an, Alfontso XII.a erregeak Meritu Militarraren Ordenaren Lehen Mailako Gurutzea eman zion. 1885eko irailaren 3an, alkateorde zela, alkate izendatu zuten, ordura arteko alkatea (Placido Zuluaga) kargutik kenduta. 1890era arte izan zen alkate.
1886an, bere seme Bonifaciorekin batera, Echeverría e Hijos enpresa sortu zuen. Puppy izeneko errebolberra fabrikatu zuten, eta Smith & Wenson motako bat, baskulagarria, UTA izenekoa. 1887an, Elisabet Katolikoaren Errege Ordenaren komendadore izendatu zuten, eta, 1895ean, Quintana Hermanos arma fabrikako kontramaisu.
1907an, Star pistola gerora famatua izandakoaren patentea ustiatzeko eskubideak eman zizkion Julian semeak.
1909an hil zen, Eibarren, 76 urte zituela.
Hona hemen Eibarko alkate izan zen garaiko gauza aipagarri batzuk:
- 1885eko urrian, Revista Ilustración de Eibar argitaratzea erabaki zuten.
- 1885eko azaroaren 2an, Durango-Zumarraga burdinbidearen lanei ekin zieten ofizialki.
- 1886ko maiatzaren 24an, Arte eta Lanbide Eskola sortzea erabaki zuten.
- 1887ko martxoaren 7an, hilerri zaharraren lursailetan Alondegi Barria egiteko erabakia hartu zuten.
- 1887ko apirilaren 4an, gaur egungo Estaziño kalea egiteko lurrak erosi zituzten, Durango-Zumarraga burdinbidearen geltokirako bidea egiteko.
- 1887ko irailaren 19an, Maria Kristina erregina bisitan zetorrela eta, Eibarko 1. Industria Erakusketa egin zuten.
- 1887ko irailean, Durango-Zumarraga burdinbidea eta Eibarko geltokia inauguratu zituzten.
- 1889ko ekainaren 27an, olio eta petrolio bidezko argiztapena kentzea eta herrian argiztapen elektrikoa jartzea proposatu zion Juan Pradera Uribesalgo durangarrak Eibarko Udalari. 1893ko urrian egin zuten aldaketa azkenean.
- 1889ko abuztuaren 1ean, Ego errekaren gainean Berdura Plaza berria eraikitzea erabaki zuten. Irailaren 19an, Ogasun Ministeriok eskatuta, batzorde bat eratu zuten herriaren mugarri edo zedarriak berritzeko.
- 1889ko abenduaren 19an, Polonia Etxeberria udal eskolako maistra izendatu zuten.
- 1890eko urtarrilaren 2an, agintaldia amaituta, Eibarko alkate izateari laga zion.
(Testua: Julian Etxeberria)