Joaquín Gorrochategui Churruca
Hinkuntzalaria eta hizkuntza paleohispaniarretan aditua, 1953
Joaquín Gorrochategui Churruca Eibarren jaio zen 1953an.
Filologia Klasikoan lizentziatu zen 1975ean Salamancako Unibertsitatean, eta, ondoren, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean, doktorego-tesia egin zuen “Akitaniako onomastika indigenak” ikerketan oinarrituta (1982).
Ikasketak sakontzeko, Tolosako Unibertsitatean Hizkuntzalaritza Pirenaikoa eta Bonn-ekoan Hizkuntzararitza Zelta eta Indoeuroparra jorratu zituen K.H. Schmidt (Zurich, 1921-1999) irakaslearekin 1985-1986ean.
Tesia egiten ari zela, Salamancako Unibertsitatean bekadun eta irakasle-laguntzaile bezala egin zuen lan, eta doktoradutza eskuratu zuenean, Gasteizko EHUko Filologia, Geografia eta Historiako Fakultatean hasi zen irakaskuntza-lanean eta unibertsitatea sortzeko lehenengo urratsetan ere lagundu zuen. 1985. urtean, EHUn plaza lortu zuen Hizkuntzalaritza indoeuroparreko irakasle gisa, eta 1989an katedra.
EHUn egiten duen lanaz gain, Gales-ko Unibertsitatean (2002), Burdeoseko Unibertsitatean (2012) eta Tor Vergata Unibertsitatean -Erroma- (2012) ere aritu izan da ikerlari bezala; baita irakasle-gonbidatu bezala Sorbonne-ko École Pratique des Hautes Études (Paris) zentroan ere, 2005ean.
Indoeuroparraren aditu gorenetakoa, Gorrochateguiren ikerkuntza-ardatzak Hizkuntzalaritza Klasikoa eta Konparatua eta Epigrafia dira (hizkuntza italikoak eta zeltak, hizkuntzen arteko kontaktuak, hizkuntza paleohispaniarrak, eta, batez ere, euskararen hastapenak). EHU-ko Hizkuntzalaritzako doktoretza programaren zuzendaria da. Hainbat kongresu eta komite zientifikotan hartzen du parte.
Euskal Herriko Unibertsitatearen barruan ere, hainbat kargu izan ditu Joaquin Gorrochateguik:
- 1981-1983: Geografia, Historia eta Filologiako Fakultateko idazkaria
- 1985-1987: Ikasketa Klasikoak Sailaren zuzendaria
- 1996-2000: Geografia, Historia eta Filologiako Fakultateko dekanoa
EHUko Argitalpen Zerbitzuko Zuzendaria izan zen 1988tik 1992 eta Veleia aldizkariaren editorea 1985tik 2012ra. Paleohispanica, Aquitania, ASJU, Fontes Linguae Vasconum, Études celtiques eta ELEA aldizkarien batzorde zientifikoko kidea ere bada Gorrochategui.
2008. urtean sortu zen “Hesperia” paleohispaniar hizkuntza eta epigrafeen datu-baseko proiektuaren zuzendaria da. EHUaz gain, Zaragozako Unibertsitateak, Bartzelonako Unibertsitateak eta Madrileko Complutense-ak hartzen dute parte asmo horretan.
2018. urtean, 65 urte bete zituenean, bere kideek liburu bat argitaratu zuten bere omenez. eta urte bereko Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo"-ren ardatzetako bat Gorrochateguiren ibilbide akademiko eta profesionala izan zen. Urtekariaren alea, hurrengo estekan aurkitu daiteke: https://dialnet.unirioja.es/ejemplar/505312
Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea da eta Euskaltzaindiako eta Espainiako Errege Akademiako (RAE)ko urgazlea.
Gorrochateguik hainbat argitalpen ditu: liburuak; 20 argitalpen; 150 artikulu baino gehiago; 21 ikerketa-proiektu, horietako 16tan ikertzaile nagusi bezala; 50 kongresu baino gehiago eta 80 hitzaldi, ikastaro eta jardunaldi.
Hurrengo esteka hauetan, Joaquín Gorrochategiren kurrikuluma eta ibilbide akademiko osoa aurki daitezke:
- https://gestion-servicios.ehu.es/ikertuRS/fichaCurriculum/04583
- https://www.rae.es/sites/default/files/Joaquin_Gorrochategui.pdf