Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mercedes Kareaga Gisasola

1908-12-15

Mercedes Kareaga Eibarren jaio zen 1908ko abenduaren 15ean;  Cayetano Careaga grabatzaile handia  eta Emilia Guisasola  (Organistaneko Emilia) ziren gurasoak. Emakume aurreratua, antolaketarako dohain handikoa eta kementsua, gazte gaztetatik hasi zen lanean behartsuenen eta emakumeen alde.  Alhondiga zaharreko eskolan hasi zen ikasten; sasoi hartan herrian eragin handia zuten maistrak izan zituen irakasle: Polonia Etxeberria, Doña Paca...

Hamalau urte zituela Aldatzeko mojen ikastetxean sartu zen; urte haietan Ama Loyola zen zuzendaria eta Magisteritza ikasketak egiten hasi zen baina ez zuen bukatzerik izan.  Erlijioarekiko grinak bultzatuta, 16 urterekin katekista izan zen; ez zuen utzi 1936. urtera arte, gizarte gaiak eta hezkuntza ardatz zituela.

Bere ezaugarri nagusienetako bat, emakumeen eskubideen aldeko lana eta ardura izan zen.  EAJen alderdikide, Mercedesek gogor egin zuen lana Emakume Abertzale Batzan; 1931ko urtarrilaren 9an sortu zen Eibarko EABren bultzatzaileetako bat izan zen, eta alderdi barruan hainbat kargu bete zituen. 1931n eta 1932an, Jose Antonio Agirre, Monzon, Manuel Irujoren eta beste hainbat burukiderekin, 20 mitinetik gora eman zituen Euskal Herrian zehar (Deba, Eibar, Gasteiz, Leitza, Izaba...); beti azpimarratzen zuen emakumeak gizartean bete behar zuen lekua. Hitzaldi-sorta batzuetan ere hartu zuen parte hizlari gisa, beti emakumearen egoera hizpide zuela; "Kareaga'tar Eskarne" gaitzizena erabilita hainbat artikulu idatzi zituen "Argia", "Euzkadi" eta "El Día" aldizkarietan. Politikagintza 1933. urtean utzi zuen.

Gerratean bere familiarekin batera Bilbon ezkutatu zen; handik Asturiaserako bidea hartu zuten; han, Mateok -Mercedesen anaia,  Eibarko udaleko zinegotzia- Asturiaseko Kontseiluaren diru-txanponak grabatzen zituen.  Nazionalak Asturiasen sartu zirenean, Mercedesek Frantziara ihes egin nahi izan zuen itsasontziz, baina portuak blokeatzen eta Bilbo hartu ondoren Errepublikaren aldekoei laguntzen zebiltzan itsasontziak harrapatzen ibiltzen zen "Almirante Cervera" itsasontziak, beste askori bezala, Frantziarako bidea moztu zion Mercedesi.  Eibarrera itzuli zen; gaztigu legez, eskolak garbitzen jarri zuten, eta aldian behin Poliziarengana joateko obligazioa zuen, harik eta -herriaren alde egiten zuen lanari esker- obligazio hori kendu zioten arte. 

Gerraostean Mercedes Kareagak egin zuen lan itzelaren aurreneko kate maila, Marshall planetik zetorren "amerikanuen laguntza" izan zen, urte haietan Eibarrera iritsi zena. Laguntza hura bideratu eta behar zutenei eskura ipini zien (esne-hautsa, Argentinako okela enbasatua...). Une hartan, Eibarrera,erregimenaren autarkiaren ondorioz, kanpotik jende asko heldu zen eta premia handia zegoen alde guztietan.  Asko dira Mercedesen inguruan kontatzen diren pasadizoak, baina jende gehienak herrian gogoratzen duena hauxe da: Parrokiako lokaletan zegoen arropa-garbigailu bati esker, esne-hauts kilo mordoa  edateko esne bihurtu eta banatu egin zuela. Mercedes Kareagaren zuzendaritzapean, laguntza banatzeko izen zerrenda bat osatu zen. Haiek izan ziren Karitasen hasierak, oraindik sortzeke zegoena.

Sasoi hartan bertan, 1943. urtean, Acción Catolicaren bitartez, erlijioari buruzko hitzaldiak ematen hasi zen Eibarko emakume gazteentzat: Alde batetik 18 urtetik gorako taldeak zeuden; bestetik 12tik 18 urte bitartekoenak. Proiektu horrek 12 urte iraun zuen; eskola haiek hartzen 1.500 gazte baino gehiago ibili ziren. Berak "lezioak" zirela zioen; moralari eta gizatasunari buruzko lezioak.

Mercedes Kareaga

Eibarko "tonbola" famatuak bultzatu zituen: herrian zeuden beharretarako egiten ziren tonbolak ziren.  Jende askok laguntzen zuen tonbola haietan; Eibarko fabrika eta tailerretako produktuekin zozketak egin eta handik ateratzen zen dirua herrirako benetan onak ziren proiektuetan erabiltzen zen.  1974. urtean "Eibar" aldizkariak gai horren inguruan atera zuen artikulu batek hauxe dio: 1948az geroztik Eibarren 33 tonbola antolatu zirela eta diru-emaitzak ikusgarriak izaten zirela. Orduko egunkarietan zehatz-mehatz azaltzen zen zenbat diru jasotzen zen eta dirua zertarako zen.  Kareagak bultzatutako beste ekintza bat "Seminaristen Eguna"rena izan zen; hortik ateratako dirua abade izan nahi zuten gazteen ikasketak ordaintzeko erabiltzen zen.

Hala ere, Mercedes Kareagak egindako lan guztiaren hiru zutabe nagusiak hauexek izan ziren: bata, Goi Argi Elkartearen sorrera (1951n); 1964an berak sortu zuen Eibarko Ongintza Patronatua eta "Cayetano Careaga" tailer babestuak, 1973an sortutakoak. Hiru proiektu handi baina asmo bakarra: Karitate kontzeptutik urrun, premia gehien zuen jendearekiko ardura eta kezka,  behartsuenen aldeko lan etengabea.

Mercedes Kareaga, Tere Gantxegi, Carmen  Apellaniz , Felisa Loyola...  Emakume talde batek, Kareagaren gidaritzapean, 1951ean Goi Argi Elkartea sortu zuen,  emakumeentzat bakarrik sortu zen lehenengo Elkartea Espainia osoan. Martxoaren 19an, San Jose egunean,inauguratu zuten lokala, orduan Dos de Mayo deitzen zen kalean; hasiera hasieratik,  gizartearen alde eta kristautasunean oinarrituta lan egiteko bidea hartu zuen, emakumeei prestakuntza eskaintzea. Hasierak ez ziren errazak izan: Gobernadore zibilak lokala zabaltzeko baimena ukatu zien; hala ere, Kareagak, Jaime Font Andreu gotzainaren eta Esteban Orbea Eibarko alkatearen laguntza izan zuen, elkartea martxan jartzeko administrazio-tramite guztiak bideratu baitzituzten. Maria Angeles Zulaicak, Goi Argiri buruz idatzi zuen artikulu batean, "keinu haren ausardia" nabarmentzen zuen: "sasoi hartako baldintzak nolakoak ziren ikusita, aintzat hartu behar dena".  Bai, halaxe zen, emakumeen denbora-pasarako leku atsegina,  baina batik bat, euren burua prestatzeko, gizartera ateratzeko elkartea zen: Hitzaldiak, ikastaroak, eskolak, sukaldaritza, herriko hainbat gauzatan lagundu ("Operación ladrillo"  herriko ospitalerako laguntza, misioak, haurtzaindegia...).

Eibarko Ongintza Patronatua 1962an  poliomielitis broteak eta gaixotasun horren ondorioak ekarri zuten arduragatik sortu zen. Beharrezkoa zen errehabilitazio zentroa edukitzea. Jose Hernando Alkateak Eibarko Patronatuaren Batzarra sortu zuen 1964. urtean; eta zentroa bera urte bereko urrian inauguratu zen Bidebarrieta kalean. Batzar edo junta hartan Mercedes Kareaga eta Peli Egaña zeuden; batzarkide saiatuenak eta finenak eurak ziren. Hasieran umeendako zegoen pentsatua, baina laster hasi  zen pertsona helduendako zerbitzuak eskaintzen; horrela, era horretako laguntza medikorik beste inondik jasotzerik ez zuten beharginendako, errehabilitazio zentro bilakatu zen.  1981. urtean Urkizu pasealekuan zabaldu zuten Zentroaren egoitza berria -gaur egun han segitzen du- zuzendaritza Tere Gantxegiren eskuetan zuela. Lau fisioterapeutek, erizain batek eta bost laguntzailek ziharduten lanean. 

Eibartar askok eta askok jasotzen dute zentroaren laguntza; sasoi batean baita bizitzaren hainbat unetan behar izaten ziren administrazio-tramiteak egiteko orduan ere (alarguntasun pentsioak, erretiroak, baliogabetasunak...)

Azkenik, Mercedes Kareagaren lorpenik handiena:  atzeratutako umeendako eta ume gormutuendako eskolak; Cayetano Careaga tailer babestuak. Tailer horiek, gazte atzeratuei lana edo biharra emateko sortu ziren,  lanean jarri eta soldata bat izan zezaten, izan ere, ordura arte, sekula ez baitzuten izan lanean aritu eta dirua irabazteko modurik.  Lehenengo tailerra Estaziño kalearen 7an zabaldu zen, Cayetano Careaga, Mercedesen aitaren tailerrean.   1973ko apirilaren 3an inauguratu zen sei langilerekin.  Mercedes Kareaga zen tailerreko buru; Jose Angel Lizundia zuen monitore. Lanik garrantzitsuena -eta aldi berean, zailena- gazte haiek egiteko moduko lana emango zuten enpresak edo tailerrak bilatzea izaten zen.  Careagaren proiektua aurrera eramaten lagundu zuten aurreneko tailerrak GAC, Bascaran, Mendiguren y Zarraua, Servetta, Laster eta Dej izan ziren. Mercedes Kareagak oso gutxitan egin zuen berba egunkarietan, baina "Eibar" aldizkarian gai horren inguruan egin zioten elkarrizketa batean hauxe  azpimarratu zuen: "behargin horien interesa eta lanerako gogoa, egiten zuten ahalegina".

1975ean, Estaziño kaleko 5ean inauguratu zen bigarren tailerra, aurrekoa baino handiagoa, "Munikola" izeneko eraikinean -lehen, Hijos de A. Arizmendi arma lantegia izandakoa.  Jabeek, hilero 100 pezetako errenta merke bat jarri zioten eta eraikina Mercedes Kareagaren esku utzi zuten proiektua deigarria iruditu zitzaielako.  Urte hartan 20 baino gehiago ziren Kareagaren zuzendaritzapean lanean ari ziren gazteak; beste monitore bi ere urte hartan hasi ziren lanean: Miren Mendicute eta Miren Ormaetxea.   Lan-klase guztiak egiten ziren:  Bisagrendako ardatzak, autoen erregai-ontzietarako tapoiak... Tailerdunek, ordurako, konfiantza osoa zuten han egiten zen lanarekin, eta egunetik egunera gehitzen zihoan beharra ematen zuten enpresa-kopurua.

MercedesTailerraren fakturazio-datu hauek ikusita nahikoa da: Inauguratu zen urtean (1973an), 106.248 pezeta; handik hamar urtera (1983an), 5.891.865 pezeta.  Tailerra handitzen joan zen; urteek aurrera egin ahala erakundeek laguntzak ematen hasi ziren (Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Lan Ministeritza...), lekuz aldatu eta Matxariara eraman zuten. Gaur egun, han dago.

1991z geroztik GUREAK taldearen barruan dago. Mercedes Kareagak bere bizitzan zehar egin zituen lan guztien artean, tailer hori izan da proiekturik garrantzizkoena eta sakonenetarikoa.  Benetako gizarteratze-lanaren eredu.

Mercedes Kareagak Eibarko herriaren esker ona eta merezia zuen omena jaso zuen 1974. urtean; udalak eta herriko elkarte guztiek antolatutako omenaldi hartan "grabatzaileen bola" entregatu zioten, herriaren hainbat alorretan nabarmentzen ziren eibartarrei urtero ematen zitzaien saria.  

1997ko otsailaren 26an hil zen.

 

Begoña Azpiri, Ego Ibarra batzordearen idazkaria

Iturriak:

  • Udal artxiboa

  • Eibar aldizkaria

  • Gureak taldea (Internet)

  • Mercedes Kareaga Eta kitto!

  • Sabino Arana Fundazioa