Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Iñaki Goenaga Lumbier

Kimikaria, 1944-08-24

Iñaki Goenaga Lumbier Lizarran jaio zen 1944ko abuztuaren 24an. Ingeniari kimikoa ikasketaz, Goenaga, gure herriaren historiaren parte da industria- eta teknologia-garapenaren sustatzaile garrantzizkoenetako bat legez; Euskadik izan duen garapen handi horretan eragile esanguratsua dugu; eta garapen horri esker, hirurogeiko industrializaziotik, krisialdi ekonomiko handi bi gaindituta -hirurogeita hamarraren amaiera aldean eta laurogeiaren hasiera ingurukoa bata, laurogeita hamarraren hasierakoa bestea- gaur egun dagoen egoera honetara iritsi ahal izan gara, oraingoan, atzeraldi ekonomiko handiko egoera izan arren, gure herria Europan berrikuntza potentzial handiena duen Europako lurraldeetako bat bezala azaldu da. Alde horretatik esan behar da I+G-ak euskal barne-produktu gordinari egin dion ekarpena igaro diren urteak adina biderkatu dela.

Iñaki Goenagak, Armeria Eskolako laborategiaren zuzendari kargua hartu zuen 1968. urtean -sasoi hartan, Armeria, prestakuntza-ikastetxe dinamikoena eta enpresaburu onen hazitegia zen- eta kargua hartu bazuen izan zen laborategiak erabil zitezen, ez bakarrik helburu pedagogikoekin, inguruko enpresek erabiltzen zituzten materialen kalitate-kontrol zerbitzuak eskaintzeko baizik.

Tekniker

Arrakasta handia izan zuen haren lanak, eta aitzindaria zen zerbitzu horrek kapazitatea eta bezeroak irabazi zituen haren eskuetan zegoela. 70eko hamarraldiaren amaieran Iñaki Goenagak ospea zuen eta ezaguna zen euskal teknologiaren lan-esparruan; Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sistema sortu zuten aditu talde txiki hartako kide izan zen orduan hasberria zen euskal administrazio hari laguntzearren, izan ere, Unibertsitate bera ere jaio berria izatera eta ikerketarako zentro publikorik ez izatera, beste aukeraren bat bilatu behar baitzen arlo horretan. 1981ean, Armeria Eskolako laborategiei ezinezkoa egin zitzaienez zerbitzua sasoi hartan exijitzen zen bestean eta eskatzen zen besteko kalitatearekin ematen segitzea, Iñaki Goenagak, Armeria Eskolako zuzendaritzarekin eta industria alorreko dozenaka bezerorekin, TEKNIKER Ikerketa Elkartea sortu zuen. Bera dugu beraz TEKNIKERren fundatzaile eta aurreneko zuzendari orokor; eta berriz ere, beti izan zuen ikuspegi estrategiko horri esker, TEKNIKERren eraldaketa egiterakoan ere aitzindaria izan zen; hala iritsi zen Elkartea 1996an Fundazio izatera. Iñaki Goenaga TEKNIKERren zuzendari izan zen fundaziotik harik eta 2002ko apirilean, oraindik gazte zela, heriotza iritsi zitzaion arte. Zentro teknologiko finkatua utzi zuen oinordetzan, itzal handienetakoa Euskal Herrian, Espainia osoan eta nazioartean.

Tekniker

Iñaki Goenagak aurrea hartu zion bere garaiari teknologiaren eta enpresaren arteko erlazio konplexu hori ulertzerakoan; ahalegin guztia egin zuen ikerketari emaitza-ustiapenak edo emaitzen kontuak jarrai ziezaion. Horrela, laurogeiko urteen erdialdetik aurrera oinarri teknologikoko enpresa-ekimen berrien sorrera sustatu zuen. Benetan azpimarratzekoa da bere lorpenetako bat: makina-erremintaren enpresa esanguratsuenen ahaleginak batu zituen fabrikazio malguko lehenengo zelula martxan ipintzeko eta ikerketa sektorialeko zentro bat sortu zen, Fatronik. Ordutik aurrera, Iñaki Goenagaren ekimenez, TEKNIKERrek industria- eta ikerketa-izaerako 14 erakunde juridiko berri hauen sorreran hartu du parte: Baskinsa (protesi fabrikatzailea), BIC-Berrilan (Enpresa eta Berrikuntza zentroa), Dinitel (konponbide domotikoak), Fatronik (zentro teknologikoa), Fedet (enpresa-sustapena), Goitek (produkzioaren kudeaketa), Idelt (prototipo eta fabrikazio azkarrak), Millennium Coatings (estaldura-kamarak PVD tekniken bidez), Neotek (aholkularitza, antolaketan eta berrikuntzan), Oiltech (mantentze prediktiboa eta proaktiboa olio-azterketa bidez), Pronet (antolaketa aholkularitza), Teknimap (ingurumen aholkularitza) eta TKM XXI (produkzio-kudeaketa).

Azken finean, Iñaki Goenaga zena “historiko”en talde txiki hartako kide izan zen, baliabide urriago ezin batzuekin euskal zentro teknologikoak Espainiako beste hainbat lekutan eta nazioartean sortutako beste zentro askorentzat eredu eta erakusgarri bilakatu zituztenak. Eibarren hil zen 2002ko apirilaren 22an.