Lakshmi Aguirre
Idazlea, 1984
Lakshmi Aguirre (Eibar, 1984), idazlea, editorea eta irakaslea da. Komunikazio eta Kazetaritza Gastronomikoko masterra eta Kazetaritza Narratiboan diplomaduna, eskolak ematen ditu Basque Culinary Center-en (Europako unibertsitate gastronomiko garrantzitsuena) eta The Foodie Studies-en (kazetaritza gastronomikoan espezializatzen den lehen zentro espainiarra). Kronika eta entsegu gastronomikoa, zinematografiaren alorreko gastronomia (Euskal Herriko Unibertsitatean jasotako prestakuntza du Ikus-entzunezko Komunikazioan) eta letretako ni gastronomikoaren eraikuntza ditu irakasgai.
Ohiko kolaboratzailea da komunikabide espezializatuetan, besteak beste, El País, Guía Repsol, 7Caníbales, Jot Down edo Condé Nast Traveler hedabideetan. Literatura-osagai nabarmenarekin idazten du gastronomiari eusten dioten pertsonez, eta janariari buruzko hausnarketa egiten du, zeharkako ikuspegi feminista eta garaikidea erabiliz.
Col&Col argitaletxe gastronomikoaren hainbat lerro editorial zuzentzen ditu —Hoja de Col saiakera-bilduma, Escribir gastronomía antologiak eta Los Fuegos Singulares errezeta-liburuak—, eta, horrez gain, argitaletxearen katalogoko zenbait lanen idazlea da. Halaber, Diálogos de Cocina taldeko kide da, Mugaritz, Euro-Toques eta Basque Culinary Center-ek antolatutako Donostiako kongresu berezia, non sektorea diziplinarteko ikuspegitik irudikatzen den.
Eskolak emateaz gain, hitzaldiak ere eskaintzen ditu eta gastronomia-kazetaritzarekin, zinemarekin eta janariarekin zerikusia duten kongresuetan hartzen du parte; baita emakumearekin eta Espainia osoko gastronomiarekin lotura dutenetan ere.
Gastronomia alorrean espezializatu aurretik, kultura alorreko hedabide zenbaitetako erredaktore izan zen, eta hainbat erakunde pribatu eta publikotako komunikazio-taldeetan hartu zuen parte, hala nola Malagako Udalarenean, zeinarentzat Espainiako udal batentzat egiten zen sare sozialen inguruko lehen eskuliburuetako baten zuzendarietako bat izan zen, Malagako Zinemaldian —haren sare sozialak kaleratu zituen lehen aldiz— edo hiri bereko Centre Pompidou zentroan, non komunikazio-arduradun izan zen. Andaluziako hiriburuan bizi izan zen 15 urtez, 2021ean berriro Euskadira itzuli baino lehen. Gaur egun hegoaldean bizi da.
Umea zela, artean Eibarren bizi zenean, lau aldiz irabazi zuen Ipurterre ipuin-lehiaketako lehen saria (1997-2000), bitan Eibar Hiria (2001-2002), batean Narruzko Zezen (2002) eta beste batean Gordexolako Harana errelatu-saria (2005).