Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Koldo Zuazo Zelaieta

Dialektologoa eta soziolinguista, 1956-10-20

Eibarren jaioa, 1956ko urriaren 20an. Jaio eta berehala, Berrizera (Bizkaia) joan zen familia osoa eta, 7 urte zituela, atzera berriro itzuli ziren Eibarrera.

Eibarren, 7 urtetik 10 urtera ALFAko eskoletan ikasi zuen eta gero Azitaingo La Salle Ikastetxean 16 urtera arte. 17 urterekin Deustuko Unibertsitatera joan zen eta han Filologia espainiarreko (1980) eta Euskal Filologiako (1982) lizentziak lortu zituen. 1982an Hizkuntzalaritzako Masterra egin zuen Bordeaux III Unibertsitatean eta 1987an doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Euskararen batasuna izan zen doktoradutza-tesiaren izena eta Jean Haritschelhar irakaslea haren zuzendaria.

Era berean, Deustun Filologia espainiarrean lizentziatu ostean, Bordeaux III Unibertsitatean jardun zuen euskara-irakurle lanetan 1980-84 bitartean eta, 1987-2000 bitartean, Euskal Herriko Unibertsitatean jardun du, Gasteizeko Letren Fakultatean. 2002az gero, Euskal dialektologiako katedraduna da.

2011an,  Neure buruaren alde  bere lehen nobela argitaratu zuen eta hainbat aldizkaritan (Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, Bat. Soziolinguistika aldizkaria, Egan, Euskera, Fontes Linguae Vasconum, Jakin, Lengas. Revue de sociolinguistique, Revista Internacional de Estudios Vascos eta Uztaro) artikuluak idazten ditu. Webgune bat ere badauka, beste zenbait lagunekin batera eta Euskal Herriko Unibertsitatearen babespean: www.euskalkiak.eus

Dialektologia eta euskararen estandarizazioa dira bere ikergai nagusiak eta bere lanak bost multzotan bana daitezke:

1.       Estandarizazioren gainekoak

  • Euskararen batasuna (Euskaltzaindia, 1988)
  • Euskararen sendabelarrak (Alberdania, 2000)
  • Euskara batua. Ezina ekinez egina (Elkar, 2005)
  • José Ignacio Hualderekin batera: “The standardization of the Basque language” (Language Problems & Language Planning aldizkarian, 2007)

2.       Hizkera jakin batzuen gaineko lan monografikoak

  • “Oiartzungo hizkeraren kokagunea” (Fontes Linguae Vasconum aldizkarian, 1997)
  • Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta Tokiko batua (Badihardugu Euskara Elkartea, 2006)
  • Sakanako euskara. Burundako hizkera (Euskaltzaindia, 2010)
  • Arabako euskara (Elkar, 2012). Osatuta, gaztelaniaz argitaratu zen: El Euskera de Álava (Arabako Foru Aldundia, 2013)
  • Mailopeko euskara (Euskal Herriko Unibertsitatea, 2013)
  • Urtzi Goitirekin batera: Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara (Euskal Herriko Unibertsitatea, 2016)
  • Sarako euskara (Euskal Herriko Unibertsitatea, 2018)

3.       Mendebaleko euskalkia (Araba, Bizkaia, Deba ibarra)

  • Mendebaleko euskara (Elkar, 2017)

4.       Euskalkiak bere osotasunean ere aurkeztu ditu zenbait saiotan

  • “Euskalkiak, gaur” (Fontes Linguae Vasconum aldizkarian, 1998)
  • Euskalkiak, euskararen dialektoak (Elkar, 2008). Ingelesera itzulita: The Dialects of Basque (Reno, Nevadako Unibertsitatea, 2013)
  • Euskalkiak (Elkar, 2014)

5.       Gaur egungo euskalkien jatorria Erdi Aroan kokatu eta haien sorlekuak

  • El euskera y sus dialectos (Alberdania, 2010). Osatuta eta egokituta, ingelesera itzuli da: Standard Basque and Its Dialects (Routledge, 2019)

 

Koldo Zuazok osatutako euskalkien mapa (www.euskalkiak.eus)

Koldo Zuazok osatutako euskalkien mapa