Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eneko Agirre Bengoa

Informatikaria, 1968

Eneko Agirre Bengoa Eibarren jaio zen 1968an. Informatikan lizentziaduna (1990, EHUn Sari Berezia), Master of Science in Knowledge Based Systems edo Ezagutzan Oinarritutako Sistemen Zientzietako masterra eskuratu zuen
(1991) Edinburgoko unibertsitatean, eta doktoradutza Informatikan EHUn (1999) Kontzeptuen arteko erlazio-izaeraren formalizazioa ontologiak erabiliaz: dentsitate kontzeptuala doktore-tesiarekin, non kontzeptuen arteko erlazioak automatikoki antzemateko metodo bat asmatu zuen,  domeinu zehatz bateko ezagutzaren (kontzeptuen, erlazioen, murrizketen...) adierazpen formala edo ontologia (alderdi praktikoan, ezagutzan oinarritutako itzulpen automatikoan erabiltzen da) erabilita dentsitate kontzeptualaren ideia asmatuz. Tesi-lan hartan bi izan ziren ekarpen nagusiak: 1) ezagutzan oinarritutako hitz eta kontzeptuen arteko erlazio-izaera formalizatzea, eta 2) hiztegietatik erauzitako baliabide lexikal egituratuak aberastu eta sendotzeko metodoa definitzea. Alor horretan, nazioarteko ikerlarientzako erreferentzia izan da Agirreren lana.

EHUko irakaslea da 1995. urteaz geroztik, eta egun irakasle osoa (katedratiko kontratatua). LSI saileko zuzendaria (2017-2019). Informatikako Ikerkuntzaren Sari Nazionala jaso zuen 2021ean. ACL Fellow da 2021etik, bikaintasun zientifiko eta teknikoagatik, gizarteari ematen dion zerbitzuagatik eta/edo eragin handiko hezkuntza- edo dibulgazio-jarduerarengatik.

 

Lantaldean_Eneko_Aguirre_1600x650.jpg
Lantaldean


HiTZ ikerkuntza-zentroa (hitz.ehu.eus) eta IXA taldea (ixa.si.ehu.eus) zuzentzen ditu, Eusko Jaurlaritzak A mailako talde gisa aitortua. 15 tesi zuzendu ditu. Ikertzaile eta irakasle bisitaria izan da bost unibertsitate hauetan: New Mexico State, Melbourne, Southern California, Stanford eta New York. 50 ikerkuntza-proiektutan hartu du parte, horietatik 15etan ikerlari nagusi bezala, Europako, Espainiako eta EAEko deialdi konpetitiboetan. 9 transferentzia-kontratu izan ditu enpresekin. 200 artikulutik gora ditu idatziak, tartean 13 arloko aldizkari gorenetan (Q1 edo Q2) eta 49 kongresu gorenetan (SCIE clase 1/2). 5 seiurteko ditu. Bere arloan erreferentzia diren bi aldizkariren editore-taldekoa izan da (
Computational Linguistics, TACL), baita JAIR-ekoa ere, eta SIGLEX erakundeko idazkari eta lehendakaria. STARSEM (*SEM) delako kongresuaren fundatzailea, orain 11. edizioan. Artikulu hoberenaren hiru sari irabazi ditu, eta Google-ren hiru ikerkuntza-sari ere bai. 20 hitzaldi eman ditu aditu legez, gehienak nazioartean. Eneko Agirreren ikerketa-gai nagusiak adimen artifiziala eta hizkuntzaren prozesua dira, bereziki ezagutza-errepresentazioa.

Eneko Agirre Bengoa gure herriko ikertzaile handienetako bat da, nazioartean proiekzio handia duena.