Rodolfo Epelde Cruz
Musikaria, 1983
Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka baten bidez, Hanburgora jo zuen, Musika eta Arte Eszenikoen Goi Eskolan Ab Kosterrekin trebatzera. Eta Versaillesko Eskualdeko Kontserbatorio Nazionalean osatu zuen bere prestakuntza, Daniel Bourguerekin. Han, ikasketen amaierako lehiaketan, Urrezko Domina eskuratu zuen, goresmen eta guzti.
Hanburgon, besteak beste, orkestra hauekin lan egin du: Sinfonieorchester der Hochschule für Musik, Hamburger Mozart-Orchester, Harvestedehude Orchester, Musikaren Aldeko Ganbera Orkestra eta Hanburgoko Estatu Opera. German Brass metal instrumentuen talde ospetsuarekin ere lan egin du. Frantzian, Versaillesko Ensemble de Corsen kontzertuen biran parte hartu du.
1987an, Espainian hasi zen lanean, Madrilgo Erkidegoko Ganbera Orkestrarekin. 1989an, Bartzelonako Hiriko Orkestrara aldatu zen, eta 1993ra arte izan zen han. Aldi berean, Teatre Lliureko Ganbera Orkestraren zenbait kontzertu denboralditan parte hartu zuen, eta haren grabazioetan eta nazioarteko eta nazio barruko biretan parte hartu zuen aldizka. Noizean behin honako orkestra hauekin ere aritu da: Liceoko Teatro Handia, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Errege Orkestra Filarmonikoa eta Sevillako Orkestra Sinfonikoa. 1992tik Cadaquesko Orkestran ibili da, eta, besteak beste, Gennady Rozhdestvensky eta Sir Neville Marriner zuzendariekin erregulartasunez lan egin du.
Bakarlari gisa, Espainiako Orkestra Nazionalean, Bartzelonako Hiriko Orkestran, Euskadiko Orkestran, Reina Sofía Ganbera Orkestran, Madrilgo Erkidegoko Orkestran eta Espainiako Gazte Orkestra Nazionalean aritu da, hurrenez hurren Carlos Kalmar, Franz Paul Decker, Christian Arming, Juri Baxmet, Miguel Groba eta Edmón Colomer maisuen zuzendaritzapean.
1992. urtetik Espainiako Orkestra Nazionaleko irakaslea da, eta 2009an tronpa jotzaile bakarlariaren postua eskuratu zuen. Gainera, 2000. urtetik tronpa katedrako irakasle Radovan Vlatkovicen laguntzailea da Reina Sofía Musikako Goi Eskolan. Aldi berean, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko tronpa katedradun eta Haize eta Perkusio Saileko zuzendari lanak egiten ditu. Sarritan deitzen diote goi mailako kontserbatorio nazionaletan eta nazioartekoetan eskola magistralak emateko (Tenerife, Las Palmas Kanaria Handikoa, Rotterdamgo Codarts kontserbatorioa, Berlingo Hochschüle Hanns Eisler kontserbatorioa, Italian Brass Week), bai eta hemengo eta atzerriko gazte orkestra garrantzitsuenetako metal atala prestatzeko ere (JONDE Espainiako Gazte Orkestra Nazionala, EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra, JONC Kataluniako Gazte Orkestra Nazionala, JORCAM Madrilgo Erkidegoko Gazte Orkestra eta Abesbatza, Jekaterinburgeko Udako Orkestra Akademia (Errusia), eta abar).
Haren ikasleek orkestra nazionaletako eta nazioarteko orkestretako postuak betetzen dituzte. Hor ikusten dira Rodolfo Epeldek irakaskuntzan egin duen lanaren emaitzak. Orkestra hauetako tronpa jotzaile bakarlariak dira: RTVEko Orkestra, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Madrilgo Erkidegoko Orkestra, Galiziako Errege Orkestra Filarmonikoa, Murtziako Orkestra Sinfonikoa; beste orkestra hauetako bakarlarien laguntzaileak dira: Madrilgo Erkidegoko Orkestra Sinfonikoa eta Extremadura, Nafarroa, Kordoba eta Bilboko orkestrak; eta hauetan ere ari dira: Manchesterko BBC Orkestra Filarmonikoa, Milango Scala Antzokiko Orkestra, Kielgo Orkestra Filarmonikoa, Lübeckeko Orkestra Filarmonikoa, Renaniako Estatuko Orkestra Filarmonikoa, Bielefeldeko Orkestra Filarmonikoa eta Cottbusko Estatu Antzokiko Orkestra Filarmonikoa.