Fernando Beorlegi Beguiristain
Margolaria, 1928-01-21
Nafarroako Arrizabalaga herrian jaio eta Eibarren bizi izandako margolaria. Errealismoa, surrealismoa... Zaila da aparteko margolari honek erabili izan duen lengoaia zehaztea; zirrara sortzen digu bere margolanen edertasunak eta gordintasunak.
Nafarroako Campanas edo Arrizabalaga herrian jaio zen 1928ko urtarrilaren 21ean. 1942ean, maristetan ikasi ondoren, Iruñean Javier Ciga Echandi margolariak zuen eskolan jardun zuen 1945era arte. Urte horretan familia osoa Lizarrara joan zen eta han izan zuen Gustavo de Maeztu ezagutzeko aukera. 1951-52: urte bi horiek Madrilera joan zenekoak dira, museo guztiak ikusten ibili eta Chicharroren ikasle izan zeneko sasoikoak. Logroñoko Arte eta Ofizio Eskolan ikasi zuen 1953tik 56ra bitartean; eskultura zuen gogoko eta ikasgai. Maria Luisa Ereñarekin ezkondu zen; azkenean Eibarrera etortzea erabaki zuten etorkizun hobearen bila. Maria Jesus, Xabier, Mikel eta Isabel dira izan dituzten seme-alabak.
1963. urtean Arrate Elkartearen zuzendaritza-taldekoa izan zen.
1967-68: Txopitea, Marino Plaza, Paulino Larrañaga eta Beorleguik Pagei kaleko ganbara zahar bat hartu zuten euren margoak egiteko. Oteizak 1969an bisitatu zituen eta Debako Arte Eskolara lanera joatea proposatu. Ilusio handieneko urteak dira; baita protesta egitekoak ere, Arrateko elizan agertutako horma-irudien zaharberritzea eskasa baino eskasagoa izan zelako. Alberto Lopez arkitektoarekin diseinu-bulego bat jarri zuen Untzaga dorrean
1972an; Armeria Eskolan pintura klaseak ematen ditu eta bere estudioa San Cristobal kalera eraman zuen.
1974an GORUNTZ taldea sortu zuen Iñaki Larrañaga eta Daniel Txopitearekin batera, Marino Plaza ere han zen. Eibarrek hirigintzaren aldetik dituen arazoak betidanik kezkatu dute: Auzo elkarteetan sartu zen lanean eta 1976. urtean Gure Herria Auzo Elkartearen presidente izateko aukeratu zuten. 1978an, Illarramendiren zuzendaritzapean grabatu ikastaroa antolatu zuten Armeria Eskolan. Handik sortu zen AZIDO TALDEA. 1979. urtean izan zen Beorlegirentzat Gasteizko erakusketa areto baten erakusketa-arduradun izan zenekoa. Han erakutsi zituzten euren lanak Arrastaluk, Oteizak, Ameztoyk, Goenagak... Elgoibarko Ongarri taldearen eskutik Arte Eskola antolatu zuen 1980an, EGUR izenekoa; pintura, eskultura eta grabatugintza eskolak ematen zituen.
Ruiz de Eguinoren komisariotzapean, 1993. urtean erakusketa handi bat antolatu zen Donostian Kutxak Garibai kalean duen erakusketa aretoan "Fernando Beorlegi" izenpean. Bere lan ia osoa erakutsi zen eta orduan atera zen katalogoa dugu Beorleguiren lana ulertzeko dokumentu nagusia. Rafael Castellanoren "Fernando Beorlegui denboraren margolari" testua, margolariaren erretratu luzea eta sakona da; bere bizipenak dakartzana, bere sormenaren iturriak damaizkiguna.
Asko eta asko dira 1957az geroztik Beorleguik egin dituen erakusketak, banaka nahiz taldean. Urte hartatik aurrera bere margolanak, batik bat Nafarroan eta Euskal Herri osoan ikusi izan dira, baina baita Madrilen eta Espainiako beste herri askotan ere.
Fernando Beorlegui beti egon da laguntzeko prest; Eibarren alde egiteko prest: berea da San Andresetako lehenengo nekazal azoka haren kartela; Ego Ibarrak ateratako Koplak liburuaren azala; berea izan da baita San Andres Elizaren balio osoa erakusteko liburua ateratzeko eskaera...
Bere sasoiko kritikak bere teknikaren kalitatea eta txukuntasuna azpimarratu zuen.
Errealismoa, surrealismoa... Zaila da aparteko margolari honek erabili izan duen lengoaia zehaztea; zirrara sortzen digu bere margolanen edertasunak eta gordintasunak. Gardenki onirikoak; kolore garbi nahasgabeen leherketa; gizakiak hirian duen bizimodu ilunaren berri ematen diguten barruko leku batzuk ditugu aurrean; paisaia geometrikoak, irudizkoak kasik; animalia eta pertsonai fantastikoak.
2008ko urtarrilaren 6an zendu zen Eibarren.