Toribio Etxebarria Ibarbia
Idazlea, 1887-04-27
Eibarko Herriko Etxea eraikitzeko orduan sendo hartu zuen parte; baita aurreneko kontsumo eta industria-kooperatibak eratzerakoan ere. Bere lana eta aholkuak funtsezkoak izan ziren, 1920an, Euskal Herriko lehenengo kooperatiba industrial modernoa sortzerakoan, Alfa kooperatiba sortzerakoan alegia. Behargin kooperatibistak eurak izan ziren Toribio Etxebarriari hango gerentea izan zedin eskatu ziotenak; kooperatiba laster igaro zen pistolak egitetik josteko makinak egitera. Bigarren Errepublikan eta gerratean bete-betean aritu zen lanean; gerra amaitzerakoan, erbestera joan behar izan zuen. Venezuelako Caracas hiriburuan bizi zen baina Frantzian, Mexikon, Irlandan eta Ingalaterran ere egon zen.
"El Socialista", "Euskera", "Euzko-Gogoa", "Egan", "Olerti", "Eibar” aldizkariak eta egunkariak ezagutu zuten Etxebarriaren luma. Eibarrekin oso lotura estua du: hura ez dago ulertzerik herriak berak dituen ezaugarri berezien barruan kokatzen ez bada. Lotura hori bere bizitzaren lorratzetan ikusten da: Eibarren igaro zituen bere bizitzaren urterik garrantzizkoenak, jaio zenetik gerra ostera arte –Errepublikaren lehenengo urte bietan izan ezik, Campsaren ordezkari izan baitzen Madrilen-, gerra ondoren, exiliorako bidea hartu behar izan baitzuen.
1941era arte Frantzian bizi izan zen, lehendabizi Parisen, han, Prietok zuzentzen zuen errepublikanoen aldeko laguntza-batzar bateko administratzaile nagusia izan zen; gero, Toulouse aldera joan zen bizi izatera. Caracasera joan zen, eta han argitalpen etxe bateko gerentzia-lanetan aritu zen, hainbat aldizkaritan idazten zuen eta irratian ere aritu zen. Sasoi hartan asko idatzi zuen eta karta-harreman handia izan zuen Euskal Herriko lagunekin, pentsalari eta pertsonalitate politiko askorekin. Caracasen hil zen 1968an.