Lambretten kontzentrazioa Eibarren

2007/07/04
Lambretta motoak ikusteko aukera izango da Eibarren uztailaren 7an: goizez kalejira Eibarko kaleetan eta arratsaldez trebetasun frogak. Horrez gain beste hainbat ekitaldi izango dira.

Eibarko Lambretta fabrika.

Eibarko Lambretta fabrika.

Lambretta Locomociones SA 1952ko uztailean eratu zen, Alfak, beste asmo batzuk baztertu ondoren, bere produkzioa askotarikotu eta scooter bat fabrikatzeko erabakia hartu eta burutu zuenean. Ministerioaren baimena 1953. urtean jaso zuen, eta orduantxe hasi zen Otaola hiribidean gaur egun ere ezagutzen dugun eraikin handi hura jasotzen. Zailtasun teknikoei aurre egin nahian, Ingalaterra eta Belgika aldera joan ziren fundizioko lanabesak eta lan-moduak motoendako piezak egiteko prestatu nahian. Alfako fundizioa 1952an inauguratu zen. 1953an kaleratu zen aurreneko lambretta eta baita "Cil" bizikleta ere; merkaturatzeko, josteko makinei esker lehendik zegoen banaketa-sarea erabili zuten.


1964ko urtarrilean iritsi ziren 100.000eko moto-kopurura, baina urteak pasa ahala salmentak behera zihoazen automobila indarra eta aurrea hartzen ari zelako (1957ko ekainean atera zen lehenengo Seat 600ª). 1968an Lambretta gutxi saldu ziren; horren aurrean, Honda etxearekin kontratu bat izenpetu zuten hango modelo batzuk hemen egiteko.


1970eko ekainean, Administrazio Kontseiluak ezinezkotzat jo zuen aurrera egitea: 4000 lambretta eta 3000 honda zeuden fabrikan gordeta, saldu ezinda; zerbait egin behar eta prezio ezin merkeagoan saltzea erabaki zuten; krisialdi-espedientea irekitzea. 1971ean, 1000 moto saldu zizkioten New Yorkeko poliziari; beste 1000 Ingalaterrara saldu ziren: ez zen gauza asko baina zerbait bazen. Baina hondak ez zuen irabazirik uzten: fabrika behera zihoan 168 behargin zituela. 1975ean krisia benetan latza da, 1977an beharrik ez eta hiru laneguneko astea jarri zuten, eta azaroan ezin egin aurre soldata-ordainketari.


Lambretta hilzori etengabean egon zen 80 hamarraldiaren erdi alderaino, orduan itxi zituen ateak betiko. Gaur egun, eraikin hartan, Ertzaintza, merkataritza-lokalak eta tailerrak daude.

Lambretta motorren irudi gehiago ikusi


Dokumentuaren akzioak