Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar 1937: 80 urte

2017/04/27
Gerrak Eibarren eragindako tragedia latz hura gogora ekartzeko hitzaldi dramatizatua bihar izango da, apirilaren 28an, iluntzeko 20:30etik aurrera, Coliseoan. Larunbatean, hilak 29, Untzaga plazan, gaueko 22:00etatik aurrera.

Bonbardaketetan herritarrak babesteko kaleetan banatzen ziren orriak. Agiria: KM Kulturunea. Gipuzkoako Foru Aldundia. Urquijo Fondoa

Ekitaldian Eibarko hainbat kolektibotako kideek hartuko dute parte, ehun bat lagun inguru bilduko dira agertokian; Gerra Zibilean Eibarrek pairatu zituen bonbardaketekin lotutako gertakari adierazgarrienak antzeztuko dituzte.

Hainbat kontu egongo dira ikusgai: Eibarko ia 600 argazki, Eibar mendean hartu ondoren italiarren armadaren egindako bideoak, gertakaria bizi izan zutenen testigantzak, gerra garaian Eibarko Udalak egindako Bandoen antzezlanak, pertsonaia garrantzitsuen diskurtsoak, Eibarrek jasandako kalteen kontakizunak eta Gerrako bi bandoetako gerlarien egunerokoen pasarteak. Horiekin batera, euskal dantzak eta dantza modernoa ikusi ahal izango dira, eta Eibarko mendietan borrokatu ziren gudariek, milizianoek eta erreketeek idatzitako poemen errezitaldiak entzun.

Gidoia eta historiarekin lotutako aholkuak Jesús Gutiérrez Arosak bideratu ditu eta Josu Mugica ibili da koordinazio artistikoa egiten. Parte hartzaileen artean, hauek egongo dira: Nerea Arriola biolinista, Marisol Arrillaga soinujolea, Biraka Dantza Taldea, Koro Gaztea, La Novena, Kezka Dantza Taldea, Lekim Animazioak, Itzamna, Legarreko Musika Sormenerako Gunea, José Luis Valenciaga. Bertako aktoren artean hauek izango dira: Juanma Cano, Izaskun Asua, Mikel Areitiourtena, Peryu Tytgat, Libe Bastida, Juanma rodriguez, Ernesto Barrutia, Maite Lorenzo, Marcos Jimeno eta Eva Rodriguez. Jantzien ardura José Luis Valenciagak hartu du.

Ikuskizunak lau atal edukiko ditu. Lehenengoan hauek azalduko dira: Errepublikaren garaiko Eibar nolakoa zen, 1931ko apirilaren 14tik hasita; 34ko iraultzaren gertakariak; langile-borrokak; Euskadiko Estatutua lortzeko hartu-emanak, eta abar.

Bigarren atala: gerrako frontea Eibarren geldirik egon zen zazpi hilabeteen kontakizuna, 1936ko irailetik 1937ko apirilera; hiriaren setioa, 1936ko irailetik hasita, eta borroka latzak Arraten, Kalamuan…; Eibarko eguneroko bizitza zibilak bertatik ebakuatu ondoren.

Hirugarren atalean Eibarren setioa kontatuko dute. Setioan irtenbide bakarra zegoen, Bizkaira doan igarobidea. Hiriaren inguruko mendietan borroka latzak zeuden eta ia egunero erasotzen zuten herria kanoikadaz. Setioaren amaierako bonbardaketa lazgarria azalduko dute, 1937ko apirilekoa, eta herria nola hartu zuten mendean. Laugarren atalean, azkenean, gerra ondoren Eibar berreraikitzeko egindako lanak azalduko dituzte.

 

Dokumentuaren akzioak