Juan Mari Narbaiza "Errotarixa" hil da

2016/11/23
Juan Mari Narbaiza "Errotarixa" (1949-2016) bertsolariaren heriotzarekin joan da Eibarrek izan duen plaza-bertsolari bakarra. Eibarko jai nagusi guztietako bertsolaria betiko joan zaigu. Datozen San Andresetan jendeak gogoan izango du; haren falta sentituko da.

Hamazortzi urterekin plazaratu zen lehenengo aldiz Arraten, 1967ko San Isidro egunean, Loidisaletxe bertsolaria aldamenean zuela. Orduan hasi eta aurtengo Arrate egunera arte, Juan Mari Narbaizak milaka bertso bota ditu Euskal Herriko hainbat herri eta baserri-auzotan.  Aurtengo Arrate egunekoa da, hain zuzen ere, hemen duzuen argazkia.

Juan Mari Narbaiza Arana, Eibarko Errota baserrian jaio zen 1949an. Ikasketak, Arraten bertan zegoen baserri-eskolan egin zituen. Gazte asko erakutsi zuen bertsoetarako joera edo afizioa: ondo ezagutzen zituen Orbe bertsolariaren bertso-paperak eta Itsasorenak, bere jaiotetxetik hurbil zeuzkanak. Sari eta txapelketa askotan aritu zen: lehenengo Xenpelar Saria berak irabazi zuen 1971ean; Deba-Itziarko saria 1973an; Loiola Irratikoa (2 urtetan), eta Orixe Saria 1976an.

1980tik 1997ra bitartean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian hartu zuen parte; Gipuzkoakoan ere bai hiru alditan.   Amurizari erreleboa hartu ondoren, Eibarko “Bertso Eskola Munizipal”eko irakasle izan zen 80ko hamarkadan. Soraluzen ere jardun zuen hainbat urtez bertsoak irakasten. Gai-jartzen ere sarritan ibiltzen zen herriz herri. Kontsultatu bere bertsolari ibilbidearen fitxa eta entzun 1972tik hona BDB Bertsolaritzaren datu-basean grabatuta dauden saioak.

Hona hemen aurtengo Arrateko Amaren egunean, Arrateko Santutegian, German Meabebasterretxeak eta Juan Mari Narbaizak kantatutako bertsoak (eskerrik asko Arrate Irratiari).

 

Dokumentuaren akzioak

Juan Mari Narbaiza "Errotarixa" hil da

Juan Mari Narbaiza (Argazkia: ...eta kitto!)