Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mireya Etxaluze Azkonaga

Astrofisikaria, 1977-01-19

Astrofisikako doktorea da, eta gaur egun Massachussetsen lan egiten du, Cambridgeko Harvard-Smiithsonian astrofisika-zentroan.

1977ko urtarrilaren 19an jaio zen, Eibarren. OHO, BBB eta UBIko ikasketak Aldatzen egin zituen eta 1995ean amaitu zituen. Ondoren, Fisikako ikasketei ekin zien, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, 2001ean, astrofisikako ikasketak hasi zituen, La Lagunako Unibertsitatean, Tenerifen.

2004an, Rutherford Appleton laborategira jo zuen, Oxfordera (Erresuma Batua), eta han ikerketa bat egin zuen Kuiper gerrikoko asteroideen jatorriari eta ezaugarri nagusiei buruz, zeinak Neptunoren orbitaz haraindi dabiltzan jirabiraka.

2006an, doktore tesiari heldu zion (Plano galaktikoari buruzko ikerketak infragorri urrunean) Rutherford Appleton laborategian eta Unibertsitate Irekian (Milton Keynes, Erresuma Batua).

Doktore izateko lanean zebilela, eskuz esku jardun zuen lanean Japoniako Espazio Agentziarekin (JAXA), AKARI teleskopio espazialak emandako datuak kalibratzen. Teleskopio hori 2006an jaurti zuten, eta astronomia infragorriaz arduratzen den lehen satelite japoniarra da. AKARIren datuek aukera ematen dute izarrak nola sortzen diren ikertzeko eta plano galaktikoan izarrak sortzeko eremuen egitura eta banaketa aztertzeko.

Parte hartu du Ophiucus eskualdeko zenbait CO isotoporen lerro molekularri James Clerk Maxwell (JCMT) teleskopioarekin behatzeko lanean. Teleskopio horrek 15 metroko diametroa du, eta munduan dagoen teleskopiorik handiena da uhin-luzera submilimetrikoetan behatzeko. Mauna Kea sumendiaren gailurretik gertu dago JCMT, Hawaiin, 4.092 metro gora.

2009an, Unibertsitate Irekian hasi zen lanean, doktoretza lortu osteko ikertzaile gisa, Cygnus konstelazioan izarrak sortzeko eremuen banaketa eta ezaugarriak ikertzeko.

Zenbait hilabeteko egonaldiak egin ditu JAXAn (Tokio, Japonia). Eskolak eman ditu, nazioarteko hitzaldietan parte hartu du eta ikerkuntzari buruzko hainbat artikulu argitaratu ditu.

Gaur egun, Cambridgen lan egiten du (Massachussets), Harvard-Smiithsonian astrofisika-zentroan, ikertzaile atxiki gisa, NASAren diru-laguntzarekin. Han, transferentzia erradiatiboaren simulazioak egiten ditu, gure galaxiaren erdian zer baldintza fisiko izaten diren zehazteko asmoz.