Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Apirilaren 14an abiatu da Udaberriko Euskal Jaiaren programa Eibarren

2021/04/16
Eibarko Klub Deportiboko Kultura, Mendi eta Kezka-dantza batzordeen artean antolatu da.

Apirilaren 14an abiatu dira ekitaldiak tradizioa eta parekidetasuna uztartzen dituen Jantzari dokumentalaren proiekzioarekin.

Apirilaren 18an, Euskal Barrokensembleren kontzertuak borobilduko du  antolatu den programa berezia: Eibar-Akondia mendi ibilaldi kulturala eta antzinako musika kontzertua Enrique Solinisek gidatzen duen taldearen eskutik. Arrateko eliza barruak bere magalean hartuko ditu Barroko garaian ohikoak ziren kale-bazter eta jauregietako saloietako dantza-erritmoak. 

Eibarren 1721. urtean kantatu ziren kopla batzuen errepikako "Gitarria ta biolintxua" bete-betean ageri zaigu Euskal Barrokensemble formazioaren bihotzean Enrike Solinis gitarra barroko eta laut jotzaile apartarekin eta Miren Zeberio arrabitari eta biolin barrokoko espezialista distiratsuarekin. Zeberio eta Solinisekin batera jazzean zein flamenkoan nabarmendu den Pablo Martin Caminero kontrabaxu-jolea eta erritmoen laberintoan argi berezia darion David Chupete perkusionista arituko dira. 

Eibartik 9:00etan abiatuta, goizeko mendi-ibilaldiak Arrateko kontzertua izango du helmuga, Akondia eta Aizketa gainak egin ondoren.

Garai zail hauetan ere, Eibarko Klub Deportiboak egoerari aurre egiten jakin du.

Dokumentuaren akzioak