Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Apirilaren 14an, Coliseoan, “II. Errepublika eta emakumea: politikagintza, legeria eta hezkuntza” hitzaldia, 19:00etan.

2021/04/07
María José Villa Rodriguez EHUko ikerlari adituak azalduko du zein izan zen Errepublikaren lege-aldaketen benetako eragina emakumeen bizitzan.

Hildelisa Arrizabalaga maistria ikasleekin. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa.

Aurten, Eibarrek 675 urte bete zituen otsailaren 5ean eta Errepublikaren aldarrikapenak 90 urte beteko ditu apirilaren 14an. Gertakizun historiko horren harira, apirilean hainbat ekitaldi izango dira.

Hain urteurren esanguratsuan eta gauden egoeran gaudela, Eibarko Udaleko Ego Ibarra Batzordeak eta Berdintasun Batzordeak emakumeak ekarri nahi izan dituzte gogora, aldarrikapen historikoaren argazkietan oso gutxitan edo inoiz  azaltzen ez diren emakumeak; berdintasunera iristeko bide malkarra egin behar izan zutenak.

II. Errepublikak emakumearen alde zer egin zuen nabarmendu nahi dugu; zer eragin izan zuten emakumeek gertaera hartan.  Hori guztia azaltzeko, apirilaren 14an,  EHU/UPVko María José Villa Rodriguez ikerlaria izango dugu. Hona hemen hark bidalitako hitzaldiaren erreseina:

Bigarren Errepublikaren aldarrikapena —1931ko apirilaren 14ko goizean, Eibarren— mugarri bat izan zen euskal emakumeen historian. Berdintasunaren eta demokraziaren printzipioetan oinarritutako gobernu-eredu berria pizgarria izan zen emakumeek berdintasun hain irrikatuan aurrera egin zezaten, eta, hartara, eskubide osoko herritar bihur zitezen.

1931n, II. Errepublika iristearekin batera, aldarrikapen horiek erantzun instituzionala izan zuten, eta Bigarren Errepublikako lehen gobernuak gizonen eta emakumeen arteko erabateko berdintasuna lortzeko bideari ekin zion. Errepublikaren Konstituzioa, berdintasun-printzipioetan oinarritua, tresna nagusia izan zen emakumeen egoera larria iraultzeko. Horrela, emakumeen eskubide politikoak ez ezik, hezkidetza, emakumearen nortasun juridikoa edo dibortzioa ere onartu ziren.

Gizarte-iraultza horren dimentsioa ulertzeko, non biztanleriaren erdiak, emakumeek, gizabanako autonomo gisa beren eskubide politiko eta sozialak eskuratu zituzten, herritartasun osoa lortu aurretiko emakumearen egoera aztertu behar dugu. 1900 eta 1931 bitartean, emakumeak mobilizatu egin ziren, emakumeentzako kalitatezko hezkuntza bat lortzeko, sexuen arteko berdintasun juridikoa izateko eta emakumea politikagintzan sartzea lortzeko. Gainera, aztertuko dugu zein izan zen Errepublikaren lege-aldaketen benetako eragina emakumeen bizitzan. Sexu-desberdintasunean eta emakumeen mendekotasunean oinarritutako mundu batean, berdintasun-agertoki berriak zaila izan zuen bere lekua bilatzea. Genero-rol zaharrek eta emakumeen gaitasunei buruzko aurreiritziek lehengoak izaten jarraitu zuten. Azkenik, ez dugu ahaztu behar Errepublikaren aldi laburraren ondoren etorri zela emakumearentzako une historikorik ilunenetako bat: diktadura frankista.”

Hitzaldietara joateko gonbidapena jaso behar da Coliseoan bertan, apirilaren 9tik aurrera (17:30-19:30, astelehenetan edo ostiraletan),  edo Internet bidez, esteka honetan (hitzaldiak doakoak dira): https://tickets.kutxabank.es/#/eu/. Aukeratu Aretoak COLISEO EIBAR eta programazioa azalduko da; hitzaldiak 9tik aurrera izango dituzue eskura, bai 14ko hitzaldi hau, bai 21ekoa (azken hori Gipuzkoako eta Eibarko  errepublikanismoari buruzkoa).

Apirilaren 14an, Eibarrek Errepublika aldarrikatu zuen egunean, parada ezin egokiagoa izango dugu gertakizun historiko haren lorpenak, erronkak eta aldaketak ezagutzeko. Eta behingoz bada ere, emakumeen ikuspegitik.

Dokumentuaren akzioak