Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko bonbardaketa: 75. urteurrena. Jesús Gutiérrezen hitzaldia, eibartarren testigantza eta sekula ikusi gabeko irudiak.

2012/04/20
Apirilaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan, Portalean, Gutiérrez historialariak bonbardaketari buruzko hitzaldi bat eskainiko du. Bertan, une latz hura bizi izan zuten eibartarren testigantzak, herria ke artean zegoela egindako filmazioak eta Eibarri eraso egin zioten abiazio alemanaren eta italiarraren txostenak (ikusi behean) ere ikusiko dira. Eta argazki esanguratsu bat ere bai, Arragueta eta Errebal aldean hiru bonba jaurti eta leherketa unean abioi horietako batetik ateratakoa.

Eibarko Egogain kalean (orduan O'Donell) italiarrek botatako bonbak egin zuen zuloa. Zuloari begira dagoen mutila Eli Ojanguren da. Argazkia: Indalecio Ojanguren, Guregipuzkoa.net, cc-by-sa.

Jesús Gutiérrez historialariak, hitzaldi horretan, 1936ko irailetik 1937ko apirilera bitartean Eibarren bizi izan zen gerra-giroa azalduko du,  denbora tarte horretan, hiriak frentea oso gertu baitzuen. Garrantzia emango dio orduko eguneroko bizimoduaren berri emateari,  Errepublikaren aldekoek hiria okupatuta zutela derrigorrean baldintzatua zegoen zerbitzu-eskaintzari, kainoi antiaeroak zeuden lekuei...

Edozelan ere, hitzaldiaren muina Arrate, Karakate, Soraluze edo Bergaran hegazkinen aurka zeuden kainoi baterien ia eguneroko eraso horiek izango dira, eta, bereziki, hilabete luze haietan izandako aire-eraso guztiak, 1937ko apirilaren 24an eta 25ean izandakoak zehatz azalduta. Egun bi horietan, hiria altxatuen esku jausi baino pare bat egun lehenago, Alemaniako Condor legioko abiazioak eta Italiako abiazioak Eibar gogor astindu zuten eta hildakoak  dozenaka izan ziren.

  • 49. Condor abiazioaren irteera-txostena, 1937ko apirilaren 25ekoa. Bertan  diotenez, lurreko indarrek Eibar-Durango errepidea hartu dute; aireko indarrek goizean ezin izan dute hegan egin eguraldi eskasa zegoelako, baina arratsaldez, Eibartik Durangora bitarteko zati hori  bonbardatu dute. Sander izenpea darama; gaitzizena da,  Hugo Sperrle (1885–1953) Condor legioko komandanteetako bat. Espainiako Defentsa Ministerioa. Aire Ejertzitoko Artxibo Historikoa. Villaviciosa de Odón (Madril) (ikus dokumentua)
  • 50. Aurreko testu hori gazteleraz, eskuz jasoa eta “W”k sinatua. Eibar bonbardatu zuten abioi alemanak mota hauetakoak izan ziren: Jagdgruppe J/88;  Heinkel He 51;  Kampfgruppe K/88 eta Junkers Ju 52. Espainiako Defentsa Ministerioa. Aire Ejertzitoko Artxibo Historikoa. Villaviciosa de Odón (Madril) (ikus dokumentua)
  • 57. Comando A.L. Spagnaren txostena, V. Chiappini baseko komandanteak izenpetua eta Salamancan egindakoa 1937ko apirilaren 25ean. Apirilaren 25ean Sevillan, Logroñon eta Gasteizen egindako hegaldi guztien berri ematen du.  Gasteizko aerodromoan –Lakua-, goizean 5 abioi italiarrek Junkers abioi alemanak eskoltatu dituztela jasotzen du. Hurrengo  orrian azaltzen da Eibarri buruzko aipamena. Espainiako Defentsa Ministerioa. Aire Ejertzitoko Artxibo Historikoa. Villaviciosa de Odón (Madril) (ikus dokumentua)
  • 58.  Aurreko dokumentuaren jarraipena da eta bertan Chiappi komandanteak jasotzen duenez, 7 abioi Savoia 81 Marchetti italiarrek, 14:00etan Lakuatik irten  eta Eibar-Ermua errepidea bonbardatu dute. 100 kiloko 21 bonba eta 50 kiloko 103 bonba jaurti zituzten. Espainiako Defentsa Ministerioa. Aire Ejertzitoko Artxibo Historikoa. Villaviciosa de Odón (Madril) (ikus dokumentua)

 

 

 

 

Dokumentuaren akzioak