Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko ermiten eta santutxuen inguruko ahozko testigantzak eta irudiak batu ditu Ego Ibarrak

2021/03/30
Badihardugu elkartearen eskutik, 16 ordu baino gehiago grabatu dira herriko ermiten gainean dakiten 11 pertsonarekin. Aurten, dokumental bat kaleratuko da material guztiarekin.

Maltzagako San Rafael ermita, erre ondoren. Argazkia: Ego Ibarrari utzitakoa.

Jose Mari Loiolak Agiñagari buruz eta San Roman ermitaren inguruko datu esanguratsu asko eman ditu; Mari Jose Unzetabarrenetxeak Maltzagako San Rafael ermita eta hango eskola ditu hizpide; Marixabel Ugarteburuk Santa Kurutz ermitaz eta hango eskolaz dihardu; Doroteo Urkiak eta Maria Luisa Zuloagak eta Josean haien semeak Azitaingo elizaren lehena eta oraina dakargute gogora; Jesusa Aranzetak Agiñagako eliza eta San Migel txiki santutxoaren berri ematen digu; Maria Jesus Osa San Salbador eguneko erromeriak ditu gogoan; Mari Jose Elizaldek Akondiako ermita eta hango “konjurua” azaltzen ditu; Vicente Areta eta Mari Asun Azpiri senar-emazteek San Martin ermitaren gaineko xehetasunak ematen dituzte.

Juan Larreategi eibartarraren hitzak ere batu dira, hura izan baitzen Ego Ibarrari ermiten inguruko testigantzak batzeko eskaera egin ziona eta arlo honetan lan ikaragarria egiten ari dena.

Eta, azkenik, Jabier Elorza historialari plaentziarraren xehetasunak dauzkagu: ermitak lurralde-antolaketako elementu legez, ermitaren ateak datazioaren adierazgarri, Agiñagako elizaren berezitasunak, San Martin ermitaren garrantzia, Santa Ines…

Eibarrek, historian zehar,  hainbat ermita eta eliza izan ditu, baina, zoritxarrez, horietako asko galdu egin dira: Orbeatarren elizatxoa (1927koa, Urkizun); Errebaleko komentua (1602); Isasiko eliza (1597), gerratean galdutakoa; Azitaingo San Rafael (1927); Untzagako San Juan (1556); San Esteban (1620, Barrenkalean zegoen; santuaren irudia Arraten dago); Santa Ines (1550, hango erretaula San Andres parrokian dago); Elexalde (Aldatze ikastetxea dagoen lekuan); Urkiko San Lorentzo (1610); Ibarkurutzeko ermita (1694).

Egindako bilketa-lanari esker, aurten, hiriaren 675. urteurrena dela eta, jende artean oso ezagunak ez diren eta zaindu beharrekoak diren elementu batzuei  buruzko dokumentala argitaratuko da: bere ermitei buruzkoa.

Dokumentuaren akzioak