Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko industria-eraikin guztiak sarean jarriko dira plano historikoekin eta ardatz kronologikoari jarraituz.

2019/05/31
Desagertutako fabrikak aztertzea izango da ikerketaren hurrengo pausoa.

El Casco fabrika

Amaitu da industria-ondarea ezagutarazteko eta antzinako industria-prozesuen balio historikoa zabaltzeko Ego Ibarra batzordeak azken urte hauetan bultzatu duen ikerketaren lehenengo fasea, herri osoan barreiaturiko ehundik gora tailerren historia arkitektonikoaren inguruko dokumentu-bilketarekin eta eraikinon estiloaren azterketarekin.

Ikerlariak jaso dituen datu eta agiri guzti horiek webgune honetan jarriko dira, horretarako propio diseinatutako programa batekin, ardatz kronologikoari (PDF) jarraituz eta plano historikoen bidez Eibarko ondare historikoa bistaratuz. Era horretan, bisitariak aukera izango du Eibarko herriaren historian zehar nabigatzeko. 

Ikerketa honetan, Mikel Aparicio arkitektoak egindako lan bikainaz gain, garrantzi handia du udal barruko hainbat sailetako lan transbertsalak (Udal Artxiboa, Ego Ibarra, Itzulpen-zerbitzua eta Informatika saila) eta Codesyntax etxeak egindakoak, hori ari baita prestatzen ondare industrial guztia erakusteko azpiegitura teknikoa.

Bestalde, eta Batzordeak berak hala erabakita, Aparicio arkitektoaren hurrengo lana betiko galdu diren industria-eraikin balio handikoak aztertzea izango da; sail horretan sartuko lirateke Orbea, Star, Alfa, Electrociclos eta beste hainbat tailer handi, Eibarri ‘tailer-herri’ izena eman ziotenak.

Kultura ondarearen parte dira eraikinok eta halakotzat hartu dira Ego Ibarran: Eibarko gizartearen balioak islatzen dituzte, herriaren ondare dira zentzurik hertsienean eta gure herriko beharginek egindako lanaren kultur-adierazpenaren lekuko fidel.

Dokumentuaren akzioak