Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eraikin berezi eta sinbolikoa eibartarrrentzat, Arrateko Andre Mariaren basilikak egitura arkitektoniko esanguratsua gordetzen du: egurrezko ganga berezia

2022/09/07
Gangaren eraikuntza-garaia 1577 eta 1583 artean baseliza berreraikitzeko egindako lanen barruan kokatzen da.

Arrateko Andre Mariaren basilikaren egurrezko ganga.

Irailaren 8an, eibartarrok, beste behin, Arrateko jaia ospatuko dugu.  Asko izango gara Erdi Aroko eraikin berezi eta sinboliko honetara hurbilduko garenak. Elizaren berri ematen da jada XV. mendearen erdialdean edo, gutxienez, aurreko tenplu baten berri. Eibarko Antolamendurako Plan Orokorrak B mailako babes berezikotzat jo zuen santutegi osoa 1997an, eta monumentu izendatzeko proposatu 2011n. Gaur egungo eraikina XVI. mendeko eta, batez ere, XVII. mendeko eraikuntza-lanen emaitza da. Gaiaren inguruan hauxe diosku Oskar Bell Fernández Eibarko Udaleko Hirigintza Saileko arkitektoak:

“Erreseina labur honen bidez, balioa eman nahi nioke  barruan gordetzen dituen egitura arkitektoniko berezietako bati, ziurrenik oharkabean pasatuko zaiguna: elizaren ganga edo egurrezko teilatu kasetoiduna. Gangaren eraikuntza-garaia 1577 eta 1583 artean  baseliza berreraikitzeko egindako lanen barruan kokatzen da.

Betidanik erabili izan da egurra eraikuntzaren historian zehar, harriaren aldean material arina, lan egiteko erraza eta erresistentea baita, eta inguruan basoak zituzten giza taldeek erabiltzen zuten. Euskal Herria ez zen salbuespena, eta egurraren erabilerak balio zuen bai behin-behineko eraikuntza-sistemetarako, arkuei aldi baterako eusteko zinbrietarako, aldamioetarako, igotzeko mekanismo osagarrietarako eta baita behin betiko eraikuntza-sistemetarako, itsasontzietarako, eraikinen estalkietarako eta egurrezko gangetarako, besteak beste. Horren adibide azpimarragarriak dira Bizkaiko Ibarrangelu eta Zaldibarko elizetako gangak, Urretxuko San Martin de Tours eta Oñatiko San Migel de Araotz eliza Gipuzkoan, edo Iparraldeko Zuraidekoa eta Hendaiakoa, batzuk aipatzearren.

Gaur egun zura material nobletzat jotzen badugu ere, Erdi Aroan eta Aro Modernoan, lehen mailako materiala, dudarik gabe, harria zen, askoz ere iraunkorragoa eta erresistenteagoa, mantentze txikiagokoa eta suarekiko portaera eraginkorragokoa. Pentsa dezagun Parisko Notre Dame katedralean gertatutakoaz, non estalkiko egitura egurrezkoa baitzen eta gangak harrizkoak.  Hondamendia gorabehera, ganga ia guztiek sutearen ondorioei eutsi zieten. Zurezko sabaiak eta gangak eraikitzea harrizko gangak egitea baino askoz merkeagoa zen garai batean, sute baten ondoren, edo, besterik gabe, eraikina eliza-maila handiagotzat izendatzearen ondorioz, zurezko gangak harrizko gangekin ordezten ziren.

Nahiz eta harrizko ganga bat eta egurrezko ganga bat formalki berdinak izan, egitura aldetik erabat desberdinak dira. Arkuetan oinarritutako harrizko ganga batek bultzada horizontal garrantzitsuak sortzen ditu bere pisuagatik eta formagatik; zenbat eta lauagoa izan arku bat, orduan eta handiagoak dira sortzen dituen bultzada horizontalak. Ahalegin horiei aurre egin behar zaie, eta behar bezala zuzendu behar dira zimenduetaraino, eraikuntza-sistema sendoekin: kontrahormak, hormak, ostiko-arkuak, eta abar. Hala ere, egurrezko ganga-egitura batean, sistemaren pieza espezifikoak daude:  tiranteak, zeinak bultzada horizontal horiek xurgatzen baitituzte, bestelako eraikuntza-elementuen beharrik gabe. Hala, ahalbidetu egiten dute kargak bertikalagoak izatea, eta, beraz, egitura guztia xumeagoa. Ikusi nahi badugu zer gertatzen zaio eraikin bati, baldin eta estrukturalki egurrezko gangekin estalia izateko pentsatu baina haien ordez harrizko gangekin egiten bada, Gasteizko Santa Maria Katedralera hurbiltzea baino ez dugu.

Horregatik guztiagatik, gure inguruan ganga-formako egitura bat egote hutsa pozgarria da gure arkitektura-paisaia osatzen duen ondare eraikia zaharberritu eta lantzen dugunontzat. Zoritxarrez, badira beste kasu batzuk, hala nola Zumarragako Antiguako Andre Mariaren baseliza, non gaur egun ikusten dugun egurraren ikusgarritasuna tenplua estaltzen zuten petxinen gaineko egurrezko jatorrizko gangak kentzearen fruitua baita. Olarteko San Pedron, Orozkon, gutxienez presbiterioko gurutze-ganga kontserbatu da, zeinak laguntzen digun  imajinatzen eta ulertzen nolakoa zen ganga-formako nabe osoa.  Gure kasuan, Arrateko basilika da, hain zuzen ere, Eibarko udalerri osoko zurezko egitura mota berezi hauen adibiderik onena; alegia, kanoi erako tipologia bat, 3 eta 5 piezako egurrezko egitura paraleloz osatua, zeinak arku forma hartzen duten karga-hormekin bat egitean. Halako tipologiak ikus daitezke, besteak beste, honako kasuetan: Soraluzeko San Andres ermita, Elgoibarko San Pedro baseliza, Markina-Xemeingo Atxondoko San Jazinto baseliza, Etxeberriko Etxarteko Gurutze Santuarena edo Donibane Lohizunekoa, Urruñakoa eta Bastide-Clairanceko baseliza Iparraldean. Azken horiek, hegoaldean hain bereizgarri diren zintaz eta saetinez egindako kasetoidurarik gabe.

Ez zen nire asmoa, ohar hau idaztean, Arrateko Basilikako eraikinaren eta zurezko egituraren deskribapen historiko-artistiko eta arkitektonikoan gehiegi sakontzea. Nahi nuena zen horrelako zurezko egituretan interesa sortzea, eta irailaren 8an, eta Santutegira hurbiltzen garen guztietan, kontziente izatea gure ondarearen parte den eta, zalantzarik gabe, garrantzi berezia duen egitura baten berezitasunaz; eta, hortaz, Zuloagaren erretaula edo margolanak baloratu eta babesten ditugun bezala, zurezko egitura honen garrantzia balioa jartzea.  Neure buruari galdetzen diot, gainera, kanpoko kontrahormak direla-eta, ez ote zen eraikina, hasieran, harrizko ganga batez estaltzeko pentsatuta egongo. Nolanahi den, Arrateko Andre Mariaren elizako ganga da gure herriak duen egurrezko ganga berezia.”

Dokumentuaren akzioak