Gerrako Eibarko umeak: deia.
Margarita Murguizu. Belgikan egon zen, Berchem-en.
Gerratean (1936-1939) ume asko eta asko atzerrira (Frantzia, Errusia, Belgika, Ingalaterra...) eraman zituzten umeak gatazkatik aparte utzi nahian. Umeak kanpora bidaltzen 1936an bertan hasi baziren ere, agintariek antolatutako espedizio ofizialak 1937an hasi ziren egiten, talde politikoen, sindikatuen eta hainbat laguntza-talderen elkarlanari esker. Handik urte batzuetara, ume haietako batzuk bueltatu egin ziren, beste batzuk ostera, betiko erbesteratu ziren.
Eibarko Udaleko Ego Ibarra batzordeak, pasarte hori ahaztu ez dadin, Eibartik kanpora eraman ziren ume haien zerrenda bat egin nahi du. Horretarako, Enara García Martínez ikerlaria hartu du, honezkero, Eibarko 130 ume inguruko zerrenda probisional bat egin duena.
Hori dela eta, Ego Ibarrak dei bat luzatu nahi die gerrako Eibarko ume izan ziren guztiei, haien seme-alabei, familiei eta gertukoei; bai eta horien argazkiren bat edo dokumenturen bat duten guztiei; eta nola ez, baita kasuren baten inguruan datu interesagarriren bat duen pertsona orori ere. Hartara, artxiboek eta liburuek ematen duten informazioa ahozko testigantza bidez osatuko litzateke. Horregatik, gurekin hartu emanean jartzeko erregua egiten dugu:
- Ikerlaria: Enara García Martínez (Untzaga Plaza, 1 – 2. pisua)
- Telefonoa: 943 70 84 23. Telefonoa atzerritik: 034 943 70 84 23
- e-maila: egoibarra2@eibar.net
Dokumentuaren akzioak