Gerrako umeen aitormena eta erakusketa, abenduaren 20an Eibarko Udaletxean
Enrique Astarloa Iraola, gerrako umea
Frantzia, Belgika, Erresuma Batua eta Errusia: horiek izan ziren 1937an gure herriko umeak hartu zituzten herrialdeak. Ume gehienak bueltatu ziren, batzuk lehenxeago, beste batzuk urte asko kanpoan igaro ondoren. Bertan bizitzen geratu zenik ere bada. Batzuk gure artean ditugu, beste batzuk betiko joan zaizkigu.
Hori dena gogora ekartzearren, abenduaren 20an Eibarko udaletxean ekitaldi bat izango da, Badihardugu, Kezka eta Herriko Musika Eskolaren laguntzarekin. Goizeko 11etan, Herriko Musika Eskolaren emanaldia, alkatearen berbak, umeek eurek edo euren lagunek utzitako argazkiekin osatu den Umien Albuna eta "Eibarko Gerrateko umeak. Hárek umiak" ikus-entzunezkoa izango dira.
Badihardugu elkarteak landu duen ikus-entzunezko horretan azken urte honetan grabatu diren umeen esanak (Nieves Acha Garmendia; Jesusa Astigarraga Carral, Roberto Altuna Iriondo, Alicia González Acha, Jose Antonio González Acha; Roberto Marcano Magunacelaya; Jose Mari Oyarzabal Landa; Juan de los Toyos Garay; Juana Unzueta García eta Begoña Zaldibar Oyanguren) eta lehendik egindako grabazio zahar batzuetan zeudenen testigantza ahaztezinak (Margarita Murguizu, Javier Echeverria Eguren, Jose Ocamica Clementi) batu dira.
Ondoren, umeen ohorezko aurreskua izango da, Kezkaren eta herriko "Usartza" txistulariekin.
Erakusketa
Abenduaren 20tik urtarrilaren 20ra bitartean erakusketa esanguratsu bat izango da kalean bertan, Untzaga inguruan: ume haien nondik norakoaren berri aditzera emango duten argazkiak izango dira ikusgai eta, batik bat, jende ororen jakingai eta erakusgarri. Umeak kalera aterako dira, sekula atera behar ez ziren kale haietara bueltatuko dira.
Dokumentuaren akzioak