Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

I. Merzedes Kareaga Beka: Eibarko herriarentzat interes berezia duten ikerketa historikoko proiektuak xede.

2022/04/05
Mercedes Kareagaren biografia izango da ikerketa-gaia 2022ko deialdian, emakumeen, beharginen eta behartsuenen alde lan handia egindako andrazkoaren biografia osatze aldera

1933. Mercedes Kareaga. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa

Eibarren jaio zen Mercedes Kareaga 1908ko abenduaren 15ean. Emakume aurreratua, antolaketarako dohain handikoa eta kementsua, gazte gaztetatik hasi zen lanean emakumeen eta behartsuenen alde. 1931ko urtarrilaren 9an sortu zen Eibarko Emakume Abertzale Batzaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta erakunde horren barruan hainbat kargu bete zituen. 1931n eta 1932an, Jose Antonio Agirre, Monzon, Manuel Irujo eta beste hainbat burukiderekin batera, 20 mitinetik gora eman zituen Euskal Herrian zehar eta beti nabarmentzen zuen emakumeak gizartean bere lekua behar zuela. “Kareaga'tar Eskarne" gaitzizena erabilita hainbat artikulu idatzi zituen "Argia", "Euzkadi" eta "El Día" aldizkarietan. Politikagintza 1933. urtean utzi zuen.

Gerra ostean, gaztigu legez, eskolak garbitzen jarri zuten, eta aldian behin Poliziarengana joateko obligazioa zuen, harik eta, herriaren alde egiten zuen lanari esker, obligazio hori kendu zioten arte. Sasoi hartan Mercedes Kareagak egin zuen herri-lanaren aurreneko kate-maila, Marshall planetik zetorren "amerikanuen laguntza" izan zen, urte haietan Eibarrera iritsi zena. Laguntza hura bideratu eta behar zutenei eskura ipini zien. Eibarko "tonbola" famatuak (1948an egin zen lehena) ere bultzatu zituen, herrian zeuden premietarako egiten zirenak.

Halaber, Mercedes Kareagak egindako lanaren hiru zutabe nagusiak hauexek izan ziren: bata, bakarrik emakumeentzat sortu zuen lehenengo Elkartea, Goi Argi izenekoa (1951n); bigarrena, 1964an Eibarko Ongintza Patronatuaren magalean abian jarritako biharginendako errehabilitazio-zentroa; eta, hirugarrena, "Cayetano Careaga" tailer babestuak, 1973koak,  desgaitasunen bat zuten gazteei lana edo biharra emateko sortuak diru-irabaziren bat izan zezaten. Mercedes Kareagak bere bizitzan zehar egin zituen lan guztien artean, ziur aski, tailer hori izan da proiekturik garrantzizkoena eta sakonenetarikoa, gizarteratze-lanaren eredu aurreratua, karitatetik harantzagokoa.

Eibarko herriaren esker ona eta merezia zuen omena jaso zuen 1974. urtean; Udalak eta herriko elkarte guztiek bat hartuta antolatutako omenaldi hartan "Grabatzailearen bola" entregatu zioten, hainbat alorretan nabarmentzen ziren eibartarrei urtero ematen zitzaien saria.  1997ko otsailaren 26an hil zen.

Orain, Eibarko Udalak, UPV/EHUren laguntza akademikoarekin, eibartar ekintzaile oparoaren izena duen ikerketa historikoko beka-deia kaleratzen du herriarentzat interes berezia duten eta herriarekin edo eskualdearekin zerikusia duten ikerketa-proiektuak sustatu, ikertu eta zabaltzeko.

Eta aurreneko edizio honetan, bekaren izena daraman emakumearen biografia sakon bat izateko deia egiten du. 2022ko maiatzaren 1etik 30era izango da biografia-proiektuak aurkezteko epea.

Dokumentuaren akzioak