Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jacinto Olave Azpiri (Eibar, 1877-1957) margolari eibartarraren biografia webgune honetan.

2021/02/16
Eibarrek eman duen margolaririk onenetakoa herriko Marrazketa Eskolako maisu izan zen 1907tik 1951era.

Jazinto Olabe (Eibar, 1877-1957).

Jazinto Olabe Azpiri Eibarren jaio zen 1877. urtean. Handik urte gutxira, familia Argentinara joan zen bizi izatera; aita hil zenean, 1894an, Eibarrera bueltatu ziren.  Madrilera joan zen ikastera, eta herrira itzuli zenean, Marrazketa Eskolako marrazki-irakasle izateaz gain, margotzen, marrazten eta damaskinatugintzan ere jardun zuen. Eibarren hil zen 1957an.

Labur esanda, horixe da Olaveren biografia, pertsona ezagun askoren erretratugile eta marrazkilari aparta. Haren nortasuna nolakoa zen ikusteko, Flores Kaperotxipi margolari zarauztarrak Olaveri buruz  Arte Vasco liburuan  jasotakoa dakargu: “Eibarren  bizi da duela urte asko arma-herriaren mugetatik kanpo ia inork ezagutzen ez duen pintore handia: Jacinto Olave, teknika indartsukoa eta jakinduria sakonekoa. Bere ikaskideek, besteak beste, Aurelio Artetak eta Elías Salaverríak, hasieratik bertatik miretsi zuten marrazkirako zuen gaitasun  ahaltsua.”

Umiltasunaren eredu, herritik kanpo 1948an Donostian egin zuen lehenengo erakusketaren harira, hauxe zioen arte-kritikari batek: “Jacinto Olaveren pintura-erakusketa benetako gertaera artistikotzat har daiteke hark erakusten duen lanaren kalitate handiagatik, eta, batik bat, euskal pintorerik adierazgarrienetako bat izateagatik. Hala ere, Jacinto Olavek akats handi bat du, barkaezina bizi dugun garai exhibizionista honetan: apaltasunarena. Olaveren bila joan egin behar da”.

Ego Ibarran hitz horiez baliatzen gara Mikel Lertxundi adituak egin duen biografia irakurri eta Eibarko margolari onenaren bila joateko.

Dokumentuaren akzioak