Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Juan San Martinen jaiotzaren mendeurrenean (1922-2022) haren izena daraman Eibarko udal liburutegiak erakusketa bat prestatu du

2022/11/08
Azaroaren 7tik abenduaren 18ra interes handiko liburuak eta dokumentuak ikusteko aukera izango da

Euskaltzaindia, Arantzazun, 1972-07-29. Argazkia: AGG-GAOCC BY-SA: San Martin Juan

Juan San Martin euskaltzainaren jaiotzaren mendeurrenean Eibarko Udal liburutegiak haren omenezko erakusketa bat prestatu du material askorekin hornitua (argazkiak, liburuak…)

Eibartar ekintzaile eta sustatzaile nekaezinaren hainbat lan ikusteko aukera izango da, arlo ugari jorratu baitzituen. Hor daude ikusgai, 1979ko Euskara Euskaltzaindiaren aldizkarian kaleratutako “Euskal Herriko Kontseilu Nagusiari euskararen aldeko plangintza baten proposamena”, edo “Nuevos hallazgos dolmenicos” artikulua, edo 1975eko Elgueta con Anguiozar o Ubera liburua, orduko CAMek argitara emandakoa. Edo “Gogoz” eta “Bidez” liburu mardulak, gutxitan ikusitakoak.

Euskal letretan garrantzia paregabea izan duen eta duen Itxaropena argitaletxearen 90. urteurrena betetzen den honetan —1932an sortu baitzen—, 1965eko Eztenkadak liburuaren jatorrizko edizioa ere ikusgai dago; baita 1960ko Zirikadak obra zoragarria ere.

Arartekotzan aritu zen garaian kaleratutako txostenak ere hor daude, esate baterako, “La inmigración irregular: derechos y deberes humanos” txostena, 1994koa.

San Martinen obra gertutik ezagutzeko aukera izango dugu egun hauetan gure herriko Udal Liburutegira joanda.

Dokumentuaren akzioak