Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

La pelota según Miguel Gallastegui, Amatiñoren liburua, abenduan kaleratuko da

2013/10/03
Ego Ibarra batzordeak abenduan kaleratuko du Miguel Gallastegui pilotariari buruz Luis Alberto Aranberrik, Amatiñok, egin duen liburua

"Simonanekua". Ikusi albistearen azken parrafoa argibideak irakurtzeko

Gizon bi horien artean izandako elkarrizketa luze askoren emaitza dugun liburu honek bost atal nagusi ditu. Aurrenak, Miguel Gallasteguiren haurtzaroa eta gaztaroa islatzen ditu (Eibar, familia, Asolaigartza jaiotetxea, ‘Simonanekua’ okindegia, Atano III.aren kontrak desafioak). Bigarrenak, eskupilota txapelketak eta Gallasteguik irabazitako tituluen inguruko zertzelada eta gorabehera guztiak. Hirugarrenean, pilotariaren bizimodua, haren zaletasunak eta izateko modua, Astelena frontoiaren historia. Gallasteguiren ezkontza eta bizitza, frontoiei egindako agurra eta eskaini zitzaizkion omenaldiak dakarzkigu laugarrenak. Azkenengo atalak, pilotak eta pilotariak, telebista, prentsa eta komunikazioa jorratu ditu.

Lanak 300 orrialde inguru izango ditu – 394 orrialde-oin-; 100 argazki inguru, gehienak Miguel Gallasteguik berak utzitakoak, baina baita beste askok lagatakoak ere. Gallasteguiren ildoari jarraituta eta txapeldunaren laguntzaz, Amatiñok, pilotaren historia zertzeaz gain, Eibarko herriari berari ere erretratu ederra atera dio idatz tankera trebe, zuzen eta moderno batekin.

Ez da izango Amatiñok aurten aterako duen lan bakarra, Deustuko Business School-ek Egamaster kasuaren metodoa saiakera kaleratuko dio, Iñaki Garmendia eibartarrak 1990an sortutako Egamaster enpresaren historia, 150 herrialdetara esportatzen duen esku-erreminta enpresa arrakastatsua.

Argazkian: "Simonanekua" okindegia Estaziño kalean.  Goian, Miguel Gallastegui bere amarekin, aldamenean Atano III. Barrenean, jarrita, Jesus Ugalde eta Justo Larrañaga, Miguel Espilla eta Mikel Larrañaga umeak besoetan dituztela. Maria Ibargain, Valentina Mandiola ere hor azaltzen dira beste askorekin. Esteban Agirre botillerua eskuman, bigarrena, txapelarekin. Argazkia: Miguel Espilla

Dokumentuaren akzioak