Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

José Miguel Laskurain Caño

Musikaria, 1967-08-08

1977an hasi zituen txistu-ikasketak Idoya Astiz Astigarraga irakasle eibartarrarekin. 1985ean, Eibarko Kontserbatorioan Txistu espezialitateko Oinarrizko Graduko eta Erdi Mailako ikasketak egiten jarraitu zuen, eta 1989-1990 bitartean Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan instrumentu horren Goi Mailako Gradua ikasi zuen José Ignacio Ansorena Miner katedradunarekin. 1991n, Donostiako kontserbatorio horretan, musika-irakasle titulua lortu zuen Txistu espezialitatean, bikain kalifikazioarekin . Harrezkero, txistu-eskolak eman ditu Eibar, Ermua, Bergara, Soraluze edo Aretxabaletan. 

1979an, Eibarko Txistulari Udal Bandan sartu zen 1. Txistu bezala, eta 1990 eta 2012 bitartean bateratu egin zituen zuzendaritza eta 1. Txistu postua Eibarko Usartza Txistulari Bandan. Gaur egun, Bergarako Txistulari Udal Bandaren zuzendaria da.

Dena den, musikarekiko erlazioaren lehen urte horietan ez zen bakarrik txistuan aritu: dultzainaren hainbat ikasketa ere egin ditu (Salvador Martínez eta Juan Carlos Duñabeitia maisuekin) eta baita biolin-ikasketak ere (Dimitri Stoinov eta Víctor Uriarte maisuekin).  1986-1990 bitartean, Eibarko Gaiteroak taldeko kide izan zen eta 1987-1990 bitartean Bergarako Musika Orkestrako instrumentista, 1. Biolin bezala. 

Derrigorrezko zerbitzu militarraren ondoren (orduan ere musikan jarraitu zuen, zehazki Tronpetako instrumentista izanik), beste bi instrumentutan interesatu eta bere kabuz haiek ikasten hasi zen: Oboea eta Fagota. Lehenarekin, 2010etik 2017ra, Cielito Musika Bandan parte hartu zuen Oboe Solista gisa; 2014an, Huelvako Nazioarteko Orkestra Zuzendarien Orkestraren fundatzaile eta 2. Oboea izan zen. Fagotari dagokionez, 2014tik 2020ra bitartean, Zumarragako Musika Bandaren kide izan da Fagot Solista gisa. 

Ahaztu barik Eibarko Danborrada: urteetan zehar lotura izan du hainbat eginkizunetan, haren zuzendari titularra izanik 2008tik 2016ra bitartean.

Musika ez da instrumentu bat jotzea bakarrik, izan ere, beste alderdi eta adar asko ditu. Horregatik, Jose Miguel Laskurainek, beti erronka berrien bila, Orkestra eta Banda Zuzendaritza ikasketei ekin zien Huelvako Maestro Navarro Lara Maisua Zuzendaritza Eskolan, Francisco Navarro Lara irakaslearekin, alegia, Huelvako Musika Bandako zuzendari titularra. 2015ean amaitu zituen ikasketok.

Orkestra Zuzendaritzako ikasketak honako titulu hauekin amaitu zituen: Orkestra Sinfonikoko Zuzendaritzako lizentziatura (2014), Ganbera Orkestrako Zuzendaritzako lizentziatura (2014) eta Musika Bandako Zuzendaritzako lizentziatura (2015), guztiak Londresko The Associated Boards of the Royal Schools of Music-ABRSM erakundeak emanak.

Orkestra zuzendari garrantzitsuekin egindako masterclassek (Andrés Valero-Castells, Coruñako Udal Musika Bandaren zuzendari titularra, edo José Rafael Vilaplana, Bilboko Udal Musika Bandaren zuzendari titularra) eragin dute Laskurainek, gaur egun, musikaren alderdi honetan gehiago sakontzea. 

Debabarreneko Orkestra Sinfonikoa-DBOS-en fundatzaile eta zuzendari titularra izan zen. 2015an, Bergarako Orkestra Sinfonikoak gonbidatu zuen Bilboko Euskaldunak "Peter Pan" musikala zuzentzera. Musikalei dagokienez, 2017-2020 bitartean, musika-zuzendari gisa lan egin du Bergarako Musika Eskolak muntatutako "Alizia" musikalean, hainbat eszenategi bisitatuz.  (Iruñeko Baluarte, Bilboko Euskalduna edo Donostiak Kursaala).

Abesbatzen zuzendaritza ere Laskurainen pasioetako bat da. Hainbat ikastaro egin ditu Javier Busto edo Urko Sangroniz zuzendariekin, baita kantu-tailerrak ere Javier Corcuerarekin (Espainiako Irrati-Telebistako Abesbatzaren zuzendariordea) edo Josu Elberdin konpositore pasaitarrarekin ere. Abesbatzen munduarekiko duen interesaren ondorioz, 2016an Debabarreneko Orfeoia-DBOR fundatu zuen; zuzendari titularra da eta gaur egun lan handia egiten ari da harekin.
 
Hitzaldiak eta klaseak eman ditu orkestra- eta abesbatza-zuzendaritzarekin lotutako hainbat kongresutan. Orkestra-zuzendaritzarekin lotutako bost libururen koegilea da, eta musika-pieza ugariren egile: ‘Pil-Pil’ (Eibarko Bakailaoaren Kofradiaren ereserkia), ‘Pastorena’ (Eibarko Danborradarako) edo ‘Arrateko Amaren Dantzak’ (Eibarko zaindariaren omenez irailaren 8an dantzatzen diren Arrateko dantzak).

2019an, zuzendari gonbidatu gisa zuzendu zuen Bielorrusiako Irrati eta Telebistako Orkestra Sinfonikoa, Minsk-en. Lankidetza horretan, lehen saria eskuratu zuen Bieolorrusiako Irrati eta Telebistako Orkestra Sinfonikoak antolatutako Orkestra Zuzendarien Nazioarteko Lehiaketan, 12 parte-hartzaileen artean. Nazioarteko proiekzio horretan, zuzendari gonbidatu gisa aritu da Wiener Possymphony Orchestrakin “Vienako Esperientzia” nazioarteko topaketan. 

Gaur egun, zuzendari titularra da Bergarako Musika Eskolan, baita Txistuko, Dultzainako eta Orkestra, Banda eta Abesbatzaren zuzendaritzako irakasle titularra ere.