Migel Gallastegi Ariznabarreta
Pilotaria, 1918-02-25
Migel Gallastegi Ariznabarreta, pilotaren historiak eman duen pilotari handienetakoa da. Buruz buruko txapeldun izan zen 1948, 1950 eta 1951. urteetan. Eibarko Mandiola haranean dagoen Asoligartza baserrian jaio zen Miguel 1918ko otsailaren 25ean, Gipuzkoan. Migelen gurasoak, Pablo eta Ceferina, nekazaritzatik bizi ziren eta hiru anai arrebetan, Justo eta Josefina, gazteena zen. Migeli ere baserriko lanetan laguntzea egokitu zitzaion; lan haiek emango zioten ziurrenik gero pilotan erakutsi zuen indarra.
Hasierak
Baserriko lanek uzten zioten denbora apurra pilotan jokatzen ematen zuen Migelek. Lehenengo partiduak Astelenan jokatu zituen C.D.Eibarrek antolatutako txapelketetan. Afizionatu bezala probintzia mailako txapelketetan hartu zuen parte urtebetez garaipen handiak lortuz. 1936. urtean profesional bezala debutatu zuen Astelenan.
1937. urtean Gerra Zibila hasi eta soldadu sartu zen Amuategi batailoian. Bando Nazionalean aritu zen ondoren. Gaixotu eta Gasteizko ospitale militarrera eraman zuten. Osatu orduko lagunarteko partiduak jokatzen hasi eta izena hartu zuen Gasteizko pilotazaleen artean. 1941. urtean txapeldun-orde izan zen Atano III.rekin batera, antolatu zen lehenengo binakako txapelketan.
Buruz burukoan debuta 1942an egin zuen. Finalerdiak Bilbon, Atano VII.aren kontra (22-20) galdu aurretik Txikito de Mallabia (22-16), Txikito de Iraeta (22-18) eta Ubilla menperatu zituen. Urte hartan bertan garaipen handi bat lortu zuen Astelenan Atano III.ri 22 eta 16 irabazita. Garaipen horrek izen handia eman zion.
Hurrengo urtean Migelen jokoak gorakada nabarmena jasan zuen eta 1944. urtean 22 eta 0 irabazi zion Groseko pilotalekuan Zurdo de Mondragoni txapelketatik kanpo utzi zuelarik.
1945. urtean errekorra jarri zuen 104 partidu jokatuta. 1946ean 101 partidu jokatu zituen 10 hilabetetan, 72 partidu irabazi eta 29 baino ez galdu. 1946. urtean buruz burukoan parte ez hartzea erabaki eta 1947an berriz ere Atano IIIa hartu zuen mendean, 22 eta 9.
Txapelketak
1948ko azaroaren 28an Bergarako pilotalekuan irabazi zuen lehenengo txapelketa, Atano III.ren gailentasuna 22 eta 6ko tanteoarekin hautsi ondoren. Astelenan jokatu zen finalerdian 22 eta 20 irabazi zion Akarregiri.
Jose Luis Akarregiren kontra berritu zituen hurrengo bi urteetako txapelak Astelenan (22-15) eta Bergaran (22-14) irabaziz hurrenez hurren, emozio eta joku ikusgarriko bi finaletan. 1953.urtean, duintasunez, Barberito bere lagunaren kontrako finala ez jokatzea erabaki zuen.
Txapelketatik kanpo jarraitu zuen Migelek bere bidea, Espainiako frontoietan garaipen handiak lortuz. Aipatzekoak dira baita ere Frantziako frontoi irekitan lortutako garaipenak.
Ezin dira ahaztu ere pilotazaleek hain gustuko zituzten bikoteen aurkako partiduak edota lagunarekin hirukoteen aurka jokatutakoak ere. Gisa honetako 54 partidutatik 41etan izan zen garaile eta 13tan baino ez zuen galdu. Bat edo beste nabarmentzearren aipatu Felipe eta Lazkanoren aurka 22 eta 5 irabazitakoa edo Ubilla I eta II.aren aurka 22 eta 9 gailendu zenekoa. Azken partidu honetarako 500 pertsona Astelena kanpoan geratu ziren partidua ikusi ezinik.
Ospetsuak dira baita ere, ezkerrarekin jokatuz Zurdo de Mondragonen kontra irabazitako partidua (22-0) eta 3000 ikusleren aurrean Tricioko frontoian Frantziako txapeldun ziren Laduche eta Harambilleten aurka jokatutakoa.
Behargin saiatua
1960.urtean pilotari profesionala izateari utzi zionean, Migelen bizitza profesionala enpresekin erlazionatuta egon da; zinemak eta antzerkiak, eraikuntza, nekazaritza eta abeltzaintza.
Astelena: Gallastegiren frontoia
Bilbo, Donostia eta Bergarako bezain pilotaleku garrantzitsutan jokatu zuen Migelek baina Astelenako giro berezia goraipatzen du beti. Txalo zaparradarik handienak bertan jaso izan zituen beti, bere etxean. Astelenak beti izango du leku berezia beretzat, bertan debutatu baitzuen 1936ko ekainaren 29an Marinoren kontra eta bertan irabazi bere bigarren txapela Akarregiren aurka.
1998ko azaroaren 28an, Atanoren kontrako lehen txapelaren 50. urteurrenean omenaldi beroa eskaini zion bere jaioterriak. Omenaldi hunkigarri hartan Eibarko herriak Migelek pilotari bezala eskainitako guztia eskertu ahal izan zion.
2004.urtean, Astelena pilotalekuaren mendeurrena ospatu zenean, ospakizunak zuzendu zituen taldean aritu zen. Bera izan zen, sakearen zozketa egin zuena, koloredun txapa airera botaz. Astelenan elkartu zen jendetzak txalo zaparrada bero bat eskaini zion orduan ere.
Migel Gallastegi: Kirolariaren kronologia.
- 1918 Eibarren jaio zen, Gipuzkoan.
- 1936 Profesionaletan debutatu zuen Eibarko Astelenan.
- 1941 Txikito de Iraetarekin batera binakako txapeldun-orde.
- 1942 Buruz burukoan debutatu zuen, finalerdietan Atano VII.ak irabazi ziolarik.
- 1942 Atano III.ari 22 eta 16 irabazi zion Eibarko Astelenan.
- 1944 Donostiako Groseko pilotalekuan Zurdo de Mondragoni 22 eta 0 irabazi zion.
- 1945 104 partidu jokatu zituen (errekorra)
- 1946 101 partidu jokatu zituen, 72 irabazi eta 29 galdu.
- 1947 Atano III.a mendean hartu zuen Astelenan
- 1948 Lehenengo txapelketa irabazi zuen Bergaran Atano III.ari 22 eta 6 irabazita.
- 1948 Ubilla I eta III.bikoteari 22 eta 9 irabazi zion Eibarko Astelenan.
- 1949 Ezkerrez jokatuz Zurdo de Mondragoni irabazi zion Astelenan.
- 1950 Berriz ere txapeldun Akarregiren kontra 22 eta 15 irabazita Astelenan.
- 1950 Donostiako Grosen Felipe eta Lazkano bikotea mendean hartu zuen
- 1951 Hirugarren txapela lortu zuen Akarregiren kontra 22 eta 16 irabazita Bergaran
- 1953 Barberitoren aurkako finala jokatzeari uko egin zion
- 1960 Pilota profesionala utzi zuen
- 1976 Donostiara joan zen bizitzera.
- 1982 EHUren udarako kurtsoetan jartzaile moduan parte hartu zuen
- 1998 Bere lehenengo txapelaren 50.urteurrena dela eta omenaldia jaso zuen Astelenan
Iturria: www.miguelgallastegui.com