Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar Primeran

2014/05/30
Foballak, gure herrian, 1913an eman zituen lehenengo pausuak, eta aurten, 2014. urteko maiatzaren 25ean, gailurrera iritsi da: lehen mailara. Zapatu gauean (maiatzak 31) jasoko du taldeak eibartarren eskerrona.

1955. Ipuruako futbol zelaia goitik hartuta. Eibarko Udal Artxiboa/Archivo municipal de Eibar

1913an, Eibarko Izarra futbol talde orduan hasi berriak lehenengo partida jokatu zuen Bergaran eta 8-0 galdu hango Shooting taldearen kontra. 101 urte beranduago, 2014ko maiatzaren 25ean, Eibarrek, Alavesaren kontra jokatu, 1-0 irabazi, eta Ligako lehen mailara igotzea lortu du Ipuruan. Zapatu honetan, gaueko 23.00an, eibartarren eskerrona jasoko du Untzagan.

Hala ere, jokalariek zelaia behar izaten dute futbolean aritzeko eta Eibarrek hiru futbol-zelai ezagutu ditu: Otaolaerdikokoa, Txaltxa Zelaia eta Ipurua. Lehenengoa 1914an inauguratu zen, San Joan egunean. Gerra ostean hasi zen Txaltxazelaiko parkea futbol zelaitzat erabiltzen; eta hain zuzen ere, 1940an, Juan Artamendik -Sociedad Deportiva Eibar-eko presidentea-, gazteen futbol txapelketa bat egiteko udalari parkea erabiltzeko eskatu eta baietza jaso zuenetik (EUA-AME 6857.09). Ipurua 1946ko otsailaren 5ean inauguratu zen, Eibarrek 600 urte betetzen zituen egunean, obrak 1948ra arte amaitu ez baziren ere (EUE-AME 3151.03). Ipuruako proiektua Raimundo Alberdi arkitektoak egin zuen, eta sasoi batean herriko zabortegi izan zen leku hartan, zelaia prestatuta, harmailak jarrita eta Elgetarako kaminora ematen zuen aldea itxita, Eibarrek ezagutu duen lehenengo futbol zelai benetakoa jaso zen.

Ipuruan, handik urte batzuetara berriro ere obrak egin ziren -1960an esate baterako, drainatu egin zen joko-zelaia- baina 1970an egin zitzaion birmoldaketarik sakonena José González Ortiz de Zárate SDEko presidenteak hala eskatuta: zelaia handitzea, hegoaldeko horma jasotzea, harmaila berriak egitea eta abar... Saez Carril eta Basañez arkitektoen proiektua zen hura, eta obrak, Andres Ros Goñi kontratistak egin zituen. Espainiako Federazioak jarri zuen obrek zuten kostuaren % 50a; Aldundiak % 25a, eta udalak gainerakoa; azkenean baina, udalak dirurik ez eta, Foru Aldundiari mailegua eskatu behar izan zion (EUA-AME 3143.03). Harrez geroztik, obra handi eta on askoak egin dira futbol zelaian.

Taldeari bagagozkio, gaur egun duen indarraren eta kemenaren jatorrizko zer hori bilatu nahi badugu; aurrekari historiko baten bila bagabiltza; herriko lehenengo futbol talde hura ekarri behar dugu gogora, derrigorrez: Izarra, 1913an sortutakoa; jaio eta urte bira, 1916an, Bilboko San Mames zelaian Racing-aren kontra jokatu eta “Norte”ko txapelketa lortu ondoren, lehenengo kategoriatik gertu geratu zena. Gipuzkoan, sasoi hartan, lau ziren puntako taldeak: Irungo Real Unión taldea, Donostiako Real Sociedad eta Jolaskieta eta Eibarko Izarra. Izarrako jokalariak ziren Retolaza, Planas, Crucelaegui, Azcarraga, Zabala, Félix Orbea, Arriola, Larrarte, Olaizola, Pedro Orbea eta Moreno.

Gerra aurretik beste talde batzuk ere baziren: Sport Arin, Eibar-Club, Irrintzi, Unión Deportiva Eibarresa eta Club Deportivo Gallo. Unión Deportiva-ko hamaikakoa osatzen zuten Tomas Echaluce, Bustinduy, Muguerza, Albizu, Olaizola, Roberto Echeverria, Ugalde, Jose Mari Echaluce, Arriola, Barrenechea eta Ortuzar jokalariek. Horren kontrarioak ziren –eta ez bakarrik kirolaren alorrean- Gallo-ko “El Ché”, Abajo, Villabella, Larrañaga, Rodriguez, Aguirre, Ciriaco Errasti, Guisasola, Iriondo, Chapartegui, Zumaran, Apellaniz, J. Errasti, Olariaga, Barrenechea, Aristondo eta Elorza. Aspaldi hartakoak ditugu baita Eibarrek izan dituen lehenengo internazionalak: Ciriaco Errasti, Muguerza, Roberto eta Ramón Gabilondo, azken hori geroxeagokoa bada ere.

Goreneko mailara heldu den Eibar Kirol Elkartea-Sociedad Deportiva Eibar 1940an jaio zen, Unión Deportiva Eibarresa eta Club Deportivo Gallo elkartu ondoren. 1948an Gipuzkoako Kopa lortu zuen, lehenengo garaipena. Orain, 75. urteurrena ate joka duela, Ligako lehen mailara igo da, eta Eibarko futbolaren historiak beti erakutsi izan duen bide horretatik igo ere: biharraren eta ahaleginaren bidetik.

Dokumentuaren akzioak