Eibarko mugarriak: Eibarko Klub Deportiboko hiru lagunek egindako lan ikusgarria

2013/06/04
Julian Etxeberria, Periko Iriondo eta Angel Treviño izan dira "Eibarko mugarriak: ikerketa-lana eta landa lana" egin dutenak eta gure udalerriko mugarri guztien egoera aztertu dutenak

Lan hori maiatzaren 31n aurkeztu zen Ego Ibarra batzordean; han eman zuten Eibarko udalerriak Ermua, Mallabia, Markina-Xemein, Elgoibar, Soraluze, Bergara, Elgeta eta Zaldibar udalerriekin dituen 70 mugarri horien berri zehatza.

Ikerketa eta landa-lan hori egiteko, 1927an, herriko mugarriak seinalatzeko gainerako udal guztiekin batera egindako aktak hartu dituzte oinarritzat; akta horiek, orduan Eibarko alkate zen Ignacio Anitua jaunak, bertako zinegotziek, perituek eta idazkariak, mugakide ziren gainerako herri guztietako alkate bakoitzarekin eta beste herri horietako idazkari, peritu eta zinegotziekin batera jasotakoak dira. Eibarren ez da berriro horrelako akta-jasotze ekitaldirik egin.

Lan hori egiteko, aurrenik, udalerriko mugaren lerroak dituen kantoi, okatx edo izkin guztien UTM koordenadak kalkulatu zituzten (172 puntu); ondoren pausu hauek eman dituzte: mugarri bakoitzari bere zenbakia eman, X eta Y koordenadak jaso, zein alturatan dagoen hartu, argazkiak atera, harri-mota zein den zehaztu, harriaren itxura, inskripzioak, mugarria herri-artekoa edo probintzien artekoa den zehaztu, leku-izena jaso, zein egoeratan dagoen esan eta aurreko mugarritik zenbat metrora dagoen zehaztu. Hori dena ordenagailuan sartu.

Lan ikusgarria, 2013ko urtarriletik maiatzera bitartean egindakoa. Udalak bere aldetik, Euskaltzaindiari bidali dizkio batutako leku-izen guztiak, normalizatzeko eta mugarri bakoitzari izen ofizial bat eman ahal izateko. Bestalde, gainerako herri guztiei eta jakinaraziko zaie, baita Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Bizkaikoari ere, egin behar diren zuzenketak eta ekarpenak egin ditzaten. Ego Ibarra batzordearen iritziz lan hori herrian hedatu behar da, interes historiko handikoa delako; herri-oroimenaren elementurik esanguratsuenak zaindu, gorde eta, hala egin beharra badago, konpontzeko: herriaren mugarriak, udalerriarenak berarenak.

Julian Etxeberriak prestatutako mugarri guztien maketa Julian Etxeberriak prestatutako mugarri guztien maketa

Dokumentuaren akzioak

Eibarko mugarriak: Eibarko Klub Deportiboko hiru lagunek egindako lan ikusgarria

Igartuzelaiko mugarria. 'P' hizkia Soraluze-Placenciari dagokiona lursaila da