Euskal Herriko Itzulia: Eibarrek 1973an azkeneko aldiz antolatu zuen lasterketa berriro eibartarren eskuetan.

2017/03/31
Luis Ocaña, Gonzalez Linares eta Txomin Perurena. Horixe izan zen 1973ko podiuma, Eibarrek XIII. Euskal Herriko Itzulia-XXII. Eibarko Bizikleta antolatu zuen azken urte hartakoa.

Gerra aurrean, VIII. Euskal Herriko Itzuliaren azkeneko urtea 1935a izan zen; Gino Bartalik irabazi zuen, eta amaierako etapa Eibartik igaro zen abuztuaren 12an.

Eibarri, txirrindularitzaren alorrean, Eibarko Bizikletak eta Arrateko Igoerak eman izan die ospea eta sona, 1991ean elkartu eta Euskal Bizikletaren oinarri izan ziren lasterketa bi haiek. 1952koa dugu aurreneko Eibarko Bizikleta, Louis Caputek irabazitakoa; Arrateko Igoera 1941ean korritu zen lehenengo aldiz, eta Pedro Zugasti atera zen garaile.

1969an egin zen Eibarren Euskal Herriko IX. Itzulia-XVIII. Eibarko Bizikleta. Eibartarrek berreskuratu zuten gerra aurreko Itzuli hura. Tartean, aurrekontu arazoak ere bazeuden, izan ere, nazioarte mailako kategoriari eusteko, etapa amaierak Eibartik kanpo egin behar baitzituen, ostantzean ez zuen babeslerik lortuko. Horrela, Eibarko taberna famatu batean Manuel Serdan —Espainiako Txirrindularitza Federazioko presidentea—, Gorriz, Jose Luis Valenciaga eta Luis Epelguez CCEko presidenteak egindako bilera batetik sortu zen Euskal Herriko Itzulia berreskuratzeko asmoa, La Voz de España egunkariarekin akordio batera iritsi eta babesa lortu ondoren. Sei etapa izan zituen urte hartako Itzuliak: Eibar-Gasteiz; Gasteiz-Iruña; Iruña-Donostia; Donostia-Gernika; Gernika-Bilbo eta Bilbo-Eibar.

Eibarren antolatu zen azkeneko Euskal Herriko XIII. Itzulia-XXII. Eibarko Bizikleta 1973koa izan zen, apirilaren 10etik 13ra bitartekoa. Bost etapa eta erlojupeko batekin osatu zen (Eibar-Durango; Durango-Murgia; Murgia-Iruña; Iruña-Lekunberri; Lekunberri-Tolosa —erlojupekoa— eta Tolosa-Eibar), baina bigarren etapa bertan behera utzi behar izan zuten, elurragatik. 1974ko martxoan, diru-arazo larriak eta kirol-eskakizunak tarteko, Eibarko antolatzaileek La Voz de España (gerora, El Diario Vasco) egunkariaren eskuetan utzi zuten bete-betean Euskal Herriko Itzulia, eta, zoritxarrez, Eibarrek ezin izan zion eutsi Eibarko Bizikletari, Espainiako Federazioak lasterketa maiatzera atzeratzeko eskabideari uko egin ziolako.

Orain, Euskal Herriko Itzulia berriro dator bueltan Eibarrera, duela 43 urte, halabeharrez, beste esku batzuetan utzi egin behar izan zuen lasterketa.

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herriko Itzulia: Eibarrek 1973an azkeneko aldiz antolatu zuen lasterketa berriro eibartarren eskuetan.

Gómez Lucas eta Jimenez Ramon Sarasua antolatzailearekin (1972ko Itzulia-Bizikleta). Argazkia: Ramon Sarasua bilduma. Eibarko udal Artxiboa.