Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

5- San Ildefonso santutxua eta galtzada zaharra - San Roman eta Santa Ageda baseliza

ib1005.jpg Zelai horretatik, hiru bideren seinalea dagoen lekutik, beherako bidea hartuko dugu eta aurreneko bidegurutzean, parean, ezkerrera doan bidea hartuko dugu (5635 m.). Tokirik altuenera iritsiko gara, Ixketa eta Akondia mendien artean (6030 m.). Atzean Kalamua dugu; parean Karakate.

Kalamuatik jaisten hasten garenean,Usartzara bidean, zelaitik (5285 m.) 295 metrora dagoen babeslekura iritsiko gara. Bertan eskuman dagoen bidexka hartuko dugu. Bide horretan "San Romaneko" pagadi ederrak eta beste arbola batzuk ikusteko aukera izango dugu. Bidea amaitzen den lekuan galtzada erromatar bat aurkituko dugu eta baita San Ildefonsoko santutxoa ere. Santutxo hori Aginaga auzoan (7385m.) dagoen San Roman eta Santa Ageda ermitatik eta baserritik gertu dago.

Hauxe da ibilbidean ikusiko dugun azkenengo lekua. Aurrera eginez, Usartzaraino helduko gara lehen egindako bidearen paretik doan beste bide bat hartuta, 1,7 kilometrokoa (9085 m.).

Usartzatik, Arratera berriro; ibilbide ikusgarri honen abiapuntura.

San Ildefonso santutxua eta galtzada zaharra

Santutxua Ixutik Markina aldera doan antzinako bidean dago, San Roman baserrira iritsi baino 200m lehenago.

Berari buruzko lehen berriak XVI mendekoak dira eta San Roman ermitarena zela esaten da. Horrelakoetan ohikoa izaten denez, bide ertzean dago eta XX mende arte baserritarrek eta ibiltariek bertan gelditzeko ohitura zuten santuari babesa eskatu, otoitz egin eta bertan limosna uzteko, lehiatilako zulotik botata. Orain dela gutxi berriztatu dituzte aterpea eta Eibartik Markinara zihoan galtzada zaharra, Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren bitartez, auzolandegi batean (2001).

San Roman eta Santa Ageda baseliza

Jatorriz baserri hau serora etxea zen eta beste hainbeste moduan, baserri bihurtu zen. Ospakizun eta jaiei dagokionez, Santa Ageda egunean, otsailaren 5ean (edo hurrengo domekan) meza izaten da, eta meza ostean, trikitrixaz girotuta, bertara hurbiltzen diren lagunei txorizoa, odolostea eta ardaoa eskaintzen zaie. Horretaz gain, urtean zehar beste zenbait meza ere ospatzen dira, besteak beste San Roman eta San Ildefonso egunetan.

Baserri ondoan, Aginaga auzoko baselizarik zaharrena aurkitzen da eta berari buruzko aurreneko aipamenek XVI mende erdialdera eramaten gaituzte; "San Roman de Zelaarte" bezala ezaguna da lehenengo dokumentu horietan. Ermitatxoa San Romanen izenean dagoen arren, Santa Ageda (XVI mendekoa) eta San Romanen (XVIII mendekoa) irudiak gordetzen dira bertan.

Dokumentuaren akzioak