Benjamin Azpilikueta Antunez
Orbaizetan (Nafarroa) jaioa 1926an, arma ola zaharrarren aurrean. Gurasoak Lizarraldekoak zituen: aita, Marcelino, Lezaungoa, eta ama, Emilia, Abartzutzakoa. Sei seme-alaba izan zituzten. Aita "monteroa" zen eta Orbaizeta inguruko basoak kudeatzen zituen. Bera gaztetatik hasi zen beharrean; hasieran, laguntzaile moduan, baina laster konturatu zen mekaniko lanbidea gustatu egiten zitzaiola, eta hango basoak ustiatzen zituen enpresaren makinak eta kamioiak konpontzen hasi zen. 25 urte zituela, 1951n, Eibarrera etorri zen, eta bertan bizi izan da harrezkero. Bere lehenengo lana Marpen izan zen, eta gero Irazola lantegian, dornuan. 30 urte inguru zituela, Alfan hasi zen lanean, eta han jardun zuen erretiroa hartu arte. Hasiera batean dornuan, baina handik "Transfer" makinara pasatu zen. 1956an Alicia Albizu eibartarrarekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituen. Pelotazale amorratua izan da beti; eskuz eta palaz urte askoan jokatu izan du. Mendian ibiltzea ere beti gustatu izan zaio. Eibarko Sostoa Abesbatzan hamalau urte egin eta gero, San Andres parrokiko koruan kantatzera pasa zen. Jubilatu zenetik egurra lantzen ibili da, eta hainbat erloju eta armarri egin ditu Eibarko Artisten Elkartean. Esan daiteke euskara amarengandik jaso zuela, zaletasuna behintzat. Gurasoak erdaldunak ziren, baina ama neskame egon zen Iruñeko familia batekin. Haiek urtero Donostiara joaten ziren uda pasatzera, eta Benjaminen amak han berba asko ikasi zituen. Gero berak Eibarren ikasi zuen euskaraz; Klub Deportiboan ere ibili zen ikasten. Eibarreraz egiten du, baina hango berbak ere sartzen ditu.
Zintak
# | Kodea | Iraupena | Grabazioaren data |
---|---|---|---|
1 | EIB-641 | 90 minutu | 2014-11-10 |
Pasarteak
Dokumentuaren akzioak