Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Argitalpen zahar agortuak on-line

2006/06/14
Ego Ibarraren bost liburu zahar agortu hauek PDFn jarri dira webgunean: "Antzinako Eibar" (J. San Martin); "La música en Eibar - Eibarko musikoak" (Ramón Sarasua); "Orbe bertsolaria" (Amuriza, Echave...); "Umore giroan" (Pedro Zelaia) eta "Eibar kantuz kantu" (Sangroniz, Otzerinjauregi).

Ego Ibarrak azken urteotan kaleratu dituen zenbait liburu agortuta daudela ikusita, zabalkundearen izenean, guztion esku jartzeko nahiarekin, Eibarko udalak PDF formatuan jarri ditu baina ohar hau eginda: maketatu aurreko bertsioa bela; diseinurik eta argazkirik gabea; inprentan egindako azken aldaketak batzeke dituena.

Liburu guzti hauek, Argitalpenen ataleko online orrialdean daude.

Bost hauek gehitu ondoren, guztira 30 liburu kontsulta daitezke PDF formatuan webgune honetan.

Bost liburu online

"Umore Giroan"
Pedro Zelaiarena. Liburu hori 1991ean kaleratu zen eta Pedro Zelaiak han hemenka jaso zituen txistez eta pasadizoz osatua dago. Aipagarria da liburu horretan Paulino Larrañaga, Azpilikueta eta Ander Gisasola eibartar dibujanteek egin zuten lana.

"La música en Eibar. Eibarko musikoak"
Ramon Maria Sarasua Gisasolaren liburuan, 1991ean ikusi zuen argia liburuak eta herriko musika giroaren inguruko zertzelada guztiak batzeaz gain herriak izan dituen musikari aipagarrienen berri eman zuen. Azpimarratzekoa da Bello Portuk egin zion hitzaurrea.

"Orbe bertsolaria".
Gregorio Atxa-Orbea "Orbe" eibartar bertsolariaren bizitza eta bertsoak biltzen ditu (1992). Lau zatitan dago banatuta: "Orbe"ren bizitza, ezagutu zutenen iritzia (Juan Mari Narbaiza, Pedro Zelaia eta Jon Etxabe), bere bertsogintzaren azterketa (Xabier Amuriza) eta azkenik Orberen bertsoak berak idatzi bezala, ezer aldatzeke. Eibarri eta eibartarren inguruan egindako "Las modalidades de los eibarreses" bertsoak dira aipatzekoak.

"Antzinako Eibar"
Juan San Martinen liburua 1993an kaleratu zen. Egileak, lehenagotik Eibarri buruzko gaiekin hainbat tokitan argitaratu artikuluak batu eta hainbat multzotan banatu zituen: herriko jaiak eta kantak biltzen dituzte aurreneko atal biek; hirugarrenak Eibarko dantzak eta musika kontuak ditu hizpide eta mintzagai; laugarrenak bertso zaharrak: bosgarrenean etnografíarekin lotutako gaiak damaizkigu, eta seigarrenean Arrateko kondaira eta kantategia.

"Eibar kantuz kantu"
Kantu-liburua 2001ean atera arren, laster agortu zen. Mikel Sangronizek herriko jende nagusiaren artean eta agiri zaharren artean 196 kantu eta kopla batu zituen eta Mireia Otzerinjauregik doinua jarri zien. 274. orrialdeko liburu horrek hainbat musikariren jakinmina piztu du. Gauza azpimarragarri asko ditu baina sasoi batean hain ezagunak ziren "Eibarko mendiletaiña"renak azpimarratuko genituzke. Labayru Ikastegiko Asier Astigarraga ikerlariak liburua egiterakoan eman zuen laguntza ezin da ahaztu.

Dokumentuaren akzioak