Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

JUAN SAN MARTIN 2006 beka-deialdiaren irabazlea: Maia Duguine Haristoy

2006/12/20
Edizio honetako gaiak LINGUISTIKA eta TOPONIMIA izan dira. 2006ko azaroaren 21ean bildu zen epaimahaia, eta aho batez erabaki zuen beka MAIA DUGUINE HARISTOY andreari esleitzea, ARGUMENTU ISILEN TIPOLOGIATIK OROTARIKO TEORIARA proiektuaren kalidadearengatik.

Maia Duguine Haristoy lapurtarrak Hizkuntzalaritzako karrera egin du Bordeaux 3 unibertsitatean, eta bertan lortu du Euskal Ikasketetako DEA ere. Gaur egun, EHUko Hizkuntzalaritza doktorego programan ikasle da. Hizkuntzalaritzari buruzko lan interesgarriak kaleratu ditu: "The Role of Information Structure in Interpretive Asymmetries" (Universidad de Málaga), "A Hypothesis for Silent Arguments", "Silent arguments without pro: the case of Basque", Euskaldun orok altxa burua. Enquêtes sociolinguistiques en Garazi. (Eusko Ikaskuntza).

Ikerketa lan hau hizkuntzalaritzaren bi alorren elkargunean kokatzen da, sintaxia eta tipologia uztartuz. Ikergaia euskararen argumentu isilen fenomenoa da. Eremu honetan euskara kasu interesgarria da, gaur egungo proposamen teorikoek ez baitute hizkuntza honetako argumentu isilen jokamoldearen azalpen orokorrik eskaintzen. Hala ere, lan honetan perspektiba euskara baino haratago zabalduko da, izan ere argumentu isilen fenomenoak aldakortasun handia erakusten baitu hizkuntzaz hizkuntza. Horrela, euskarazko datuak alde batetik argumentu isil gutxiago baimentzen duten hizkuntzetakoekin (ingelesa, gaztelania...), eta bestetik argumentu isil gehiago baimentzen dituztenetakoekin (kitxua, fijiera...) konparatuko dira. Ikerketa honi dimentsio tipologikoa emanez beraz, argumentu isilen fenomenoaren ikuspegi orokor eta osoago bat lortzeko parada ukanen dugu.


Dokumentuaren akzioak