Gerrateari buruzko liburuaren aurkezpena Eibarren
Datuz betetako "La guerra civil en Eibar" liburuaren zazpi kapitulu nagusi horiek honela banatzen dira: Lehenak, Errepublika sasoian Eibarrek eta Elgetak bizi izan zuten egoera islatzen du, Eibarrek 13.541 biztanle zituen orduan, Elgetak 997.
Bigarren atala gerratearen hasierari dago eskainia: Defentsarako Juntak antolatzen dira, boluntarioak batzen, batailoiak eratzen, jangelak antolatzen...
Hirugarrenak bere aldetik azpikapitulu hauek ditu: Elgetako Estatutua -Intxortako borrokarekin batera sartu zenez indarrean, hala deitu zitzaion-, mugimendu militarrak , errepresioa, industria -Eibarko tailerretatik errekisatu zen makinaria- eta azkenik, eliza. Kapitulu mardul horrek frontea Eibarren eta Elgetan ez atzea ez aurrera egon zen sasoia islatzen du : bando bakoitzaren posizioak, Akondia, Asentzio, Intxorta, Arrate, Santa Kruz..., ebakuazioak. Hala ere, Amuategi batailoikoek, jendeari bizipoza ematearren, antzerki eta zine-emanaldiak eskaini zituzten, musika-banda atera zuten; 1937ko Aberri Eguna bera ere, Eibarren ospatu zuten abertzaleek, martxoaren 28an.
Laugarren atala azken erasoari buruzkoa da: zazpi hilabetez iraun ondoren, apirilaren 24an, nazionalak Elgetan sartu ziren; Eibarren hurrengo egunean; bonbardatuta eta erreta geratu zen.
Bosgarren atalean, Eibar erori ondoren gerraren jarraipena azaltzen da: Eibarko batailoien ibilbidea: batzuk Bilbo defenditzen, beste batzuk Alberiquera, Santanderrera, Frantziara...
Seigarrena errepresioari dagokio eta atal batzuetan dago banatuta: Elgetako errepresioa nazionalak sartu ondoren, Errusiara joan ziren Eibarko umeak, Eibarren eta Elgetan egindako txikizioei buruz Valladolideko Unibertsitateak egindako txostena -Isasiko elizak zuen Gregorio Fernández erretaulari buruzko aipamen luzea-, Erantzukizun Politikoei buruzko legea eta etxegintza, ondasunen bahiketa, epaiketak eta fusilatuak.
Liburua beste zazpi eranskinekin osatzen da: Amuategi batailoiaren zerrenda dugu hurrena, Euskadin hildako gudarien eta milizianoen zerrenda, Bergarako epaitegiaren heriotza-aktak, Deustura eramandako industrien zerrenda. VI. eranskinak interes berezia du, izan ere, José Luis Valenciaga eibartarrak Eibar eta Elgetako frenteetan erabilitako armen xehetasun guztiak ematen baititu.
Dokumentuaren akzioak